Ferrerrek Donostia 2016ri egingo dion azken ekarpena da performance hau. Sortzaileari eman zioten hiru karta zurietako bat, Hiriburutzaren programa aberasteko asmoz. Honen harira, diziplina anitzeko artistak otsailean eta apirilean ekintza bana gauzatu zituen eta bihar aurkeztuko du bere azken ekarpena.
2.856raino zenbatzen
Migrazioetarako Nazioarteko erakundearen arabera, 2.856 etorkin ito dira Mediterraneon aurten, Europara iritsi nahian. Heriotza horiek gogoratzeko banan-banan zenbatuko ditu bihar Ferrerrek; izan ere, artistaren hitzetan “heriotza horien albisteak irakurtzen ditugu hildako horiek anonimoak, izengabeak, kopuru huts bat, izango balira bezala”.
Performancearen helburua gai honen inguruko kezka piztea da, eta, horretarako, herritarrak ekintzarekin bat egitea animatu ditu Ferrerrek. Sortzaileak dionez etorkinen drama “Europaren drama ere bada”, immigrante askok Europako kultura aberastu dutelako.
Ekintza arratsaldeko 17:00etan hasiko da Konstituzio plazako arkupeetan, Donostia Kulturaren egoitzaren aurrean. Jendaurreko zenbaketan parte hartu nahi duten herritarrak 16:30etan joan beharko dira bertara.