Udaberriari aurrea hartuz, aurtengo Donostiako dFeria arte eszenikoen jaialdiak emanaldi sorta handia eskainiko du, eta ia erdiak estreinaldiak izango dira. Guztira 22 antzezlan eskainiko dituzte, eta horietatik hamalau, estreinaldiak. Horrekin batera, jaialdiak Euskal Herriko antzezlanen kopurua handitu du, eta aurten erdiak baino gehiago izango dira. Aniztasuna, koloreak eta umorea nagusi izango dira jaialdian, eta baita gaur egun gizartea kezkatzen duten gaiak ere. Norka Chiapuso dFeriako zuzendariaren esanetan, estetikoki berrikuntzak eskainiko dituzte aukeratutako obrek, eta gizartearen ardurak islatuko dituzte. Antzerkia aldatzen ari dela gogoratu du Chiapusok: «Kolorea eta festa alde batera utzi ditu antzerkiak, eta gero eta gehiago hurbildu da gizartearen kezka eta beharretara. Herritarrekin bat egin du».
Zuzendariaren ustetan, duela bi urteko arazko ekonomikoak gainditu dituzte: «Garai hartan eskaera guztiak betetzea lortu genuen. Aurten, iazko aurrekontuaren antzera, 200 milioi euroko diru ekarpena lortu dugu Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Kutxari esker».
Ekain Olaizola arkitektoak diseinatu du dFeriako aurtengo kartela, eta Parisko agertoki batean pilatutako atrezzoa erakusten du: ikuskizunen atzean dagoen lantalde izugarria islatu nahi izan du irudi horretan. Martxoaren 12tik 15a bitartean iraungo du jaialdiak, eta Viktoria Eugenia antzokia, Viktoria Eugenia klub, Antzoki Zaharra. Egiako Gazteszena eta Intxaurrondoko Kultur Etxea izango dira agertokiak. Sarrerak gaurtik aurrera daude salgai.
1. Euskal Herriko obrak
Antzerkiaren alorrean, lau dira Euskal Herriko antzerki taldeek antzeztuko dituzten obrak. Lehenik, Kabia antzerki ikerkuntzarako guneak Ubera gorriak izeneko antzezlana egingo du; bertan, Ofelia William Shakespeareren Hamlet nobelako pertsonaia eta Virginia Woolf idazlea lotu dituzte. Bi emakumeek beren buruak ibaian ito zituzten, eta hori da antzezlanaren abiapuntua. Bigarrenik, Factoria de Fuegos taldeak Itzulera izeneko obra estreinatuko du. 1982. urtean Euskal Herritik Londresera doan neska baserritar baten istorioa kontatzen du lanak, eta euskara, gaztelania eta ingelesa erabili dituzte.
Tanttaka antzerki taldeak Daniel Glattauer idazlearen Contra el viento del norte antzezlan garaikidea eskainiko du, Interneten jaiotako amodiozko istorioa landuz. Azkenik, Gluglu taldeak gaizki ateratako urtebetetze baten gertaerak jasotzen dituen La lechuga izeneko umorezko obra antzeztuko du.
2. Nazioarteko lanak
Studio Emiliano Pellisari Italiako antzerki talde entzutetsuaren Cantica II obra da nazioartetik ekarritako lanik esanguratsuena. Dante AlighierirenDivina Commedia-ren pasarte bat landu du taldeak, dantzaren eta atrezzoaren erabilerarekin ikusleak ametsen munduan murgilduz. Chiapusoren esanetan, «Emanaldi ikusgarria da, dantzariak hegan dabiltzala dirudielako».
Gonzalo Waddingtonek zuzendutako Portugaleko antzerki taldeak Henry Ibsenen Rosmersholm antzezlana eskainiko du. Norvegian girotutako obra klasikoa da, eta ohiturei gogor eusten dien gizarteko gorabeherak kontatzen ditu. Horrekin batera, Argentinako Yamila Uzorskis koreografoaren bi performance ikusgai izango dira jaialdian. Alde batetik, Materia viva izeneko lanean akrobaziak eta dantza nahastu ditu koreografoak. Eta, bestetik, Instrumento de cuerdas obran harizko instrumentuen sokekin armiarmaren sarea imitatu du Uzorskisek.
Pedro Casablanc aktoreak Jose K Torturado izeneko obra estreinatuko du. Torturaren Aurkako Elkarteak antolatutako hitzaldi batean oinarritutako lana da, eta terrorista bati egindako torturak kontatzen ditu. L'om Imprebis taldeak Tio Vania izeneko Errusian girotutako umorezko saioa estreinatuko du. Bestalde, Metamorfosis taldeak amodio istorioak antzeztuko ditu Agosto, cuadros de amor y humor fresco lan umoretsuan. Zanguango taldeak, berriz, Aquí va a pasar algo galdutako oroimenaren inguruko obra eskainiko du, eta La Barca antzerki taldeak estres egoeren inguruko umorezko hiru egoera antzeztuko ditu Estres por tres obran.
3. Dantza
Aurtengo jaialdian dantzak garrantzia izango du, eta obra gehienak estreinaldiak izango dira. Asier Zabaleta koreografoak zuzendutako Ertza dantza taldeak Act of God izeneko ikuskizun filosofikoa eskainiko du. Horrez gain, Organik dantza eta antzerki taldeak gaur egun gizartearen kezka nagusietako bat den dieten munduaren inguruko In corpore sano obra estreinatuko du. Punto! dantza taldeak ere estreinaldia eskainiko du Animal's Party break dantzarekin egindako lanarekin. Bestalde, Olatz de Andres koreografo gazteak zuzendutako Privola ikuskizunak eta Noemi Viana koreografo arrakastatsuaren Tempus -I obrak osatuko dute jaialdiko dantza eskaintza.
4. Haurren emanaldiak
Ume, gazte eta helduentzako hiru antzezlan eskainiko ditu. Borobil antzerki taldeak Ali Baba eta 40 lapurrak ipuin klasikoa antzeztuko du, eta Elirale taldeak, berriz, Ninika lan poetiko eta sentsuala eskainiko du. Horrekin batera, Lona taldeak Sialuken bila antzezlana egingo du.
Estreinaldiz josia dator dFeria
Arte eszenikoen jaialdiak 22 antzezlan eskainiko ditu, eta erdiak baino gehiago Euskal Herrikoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu