Erkki Pohjola musikari finlandiarra (Ylistaro, 1935-2009) omentzeko asmoz, 300 lagun bildu zireniaz, eta kontzertu bakarra eskaini zuten, Tolosan. Bertan, musikariak hobekien ezagutzen zituen piezak eskaini zituzten Et Incarnatus orkestrak eta zazpi abesbatzak, besteak beste. Lan hori iraganetik berrekuratzeko asmoz, kontzertuaren CDa eta DVDa argitaratu dituzte.
Et Incarnatus orkestrako zuzendari Migel Zeberiok adierazi du ziklo bat amaitzen dutela argitalpenarekin: «Ez genuen utzi nahi Pohjolari gure omenalditxoa egin gabe, gure alde positiboa adierazi gabe. Horregatik, duela urtebete kontzertua egin genuen Tolosan, eta emaitza bikaina izan zen. Grabaketa ere txukun gelditu zen, eta horregatik erabaki dugu argitaratzea. Horrekin, Pohjolari eskainitako omenaldia amaituko da».
Pohjolak Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartu zuen urte askotan, eta Zeberiorekin harreman estua izan zuen: «Pohjolak arrasto handia utzi zuen Tolosan, eta kontzertuak arrasto hori omendu zuen. Halako gauzak sortu eta birsortzeko eginak dira, iraganak beti horretarako balio behar du».
Irudiak eta hitzak, kontzertuan
Pohjola askotan izan zen Tolosan berak sortutako Tapiola haur abesbatzarekin. Zeberioren esanetan, abesbatza mundu mailan ezagun egin zen Pohjolari esker: «Erreferentea izan zen mundu mailan; musika ikuspuntu berria sortu zuen, iraultza bat egin zuen».
Omenaldian 250 abeslarik parte hartu zuten, zazpi abesbatzatatik etorriak: Orfeoi Txikia, Easo, Araoz Gaztetxo, Laskorain, Hodeitruk, Ereskitxo eta Sustraien abesbatzak, hain zuzen ere. Horrez gain, Gorka Benitez saxo jotzailea, Juantxo Zeberio piano jotzailea eta Haizea Muñoz sopranoa izan ziren kontzertuan. Migel Zeberioren esanetan, «luxuzko partaideak» izan zituzten.
Irudiz eta olerkiz osatutako eszenografia erabili zuten. Iñaki Epelderen gidaritzapean, euskal idazleen testu zatiak musikarekin batera nahastu zituzten, Edorta Mataukoren ahotsean. Horrez gain, Pablo Dendaluzek Euskal Herriko eta Finlandiako kulturak elkartu zituen irudien bidez. «Irudi esanguratsuak hartu genituen; esate baterako, Julio Medem zuzendariaren Zirkulu polarreko maitaleak filmeko irudiak», azaldu du Zeberiok.
Ilusioa eta maitasuna
Juantxo Zeberio piano jotzaileak adierazi du kontzertua grabatu izana «kasualitate hutsa» izan zela: «Hasiera batean ez genuen intentziorik diskorik ateratzeko, baina grabatutako materiala pentsatu baino hobea zen, eta pena eman zigun bertan uztea». Zeberiok gaineratu du kontzertuko partaideek musu truk lan egin zutela: «Ilusio eta maitasun handiarekin egin zen kontzertua; proiektu hau ezerezetik sortu zen, jende askoren borondateak bultzatua».
Horrez gain, David Azurza Hodeitruk abesbatzako zuzendariak Pohjolarekin zuen harreman estua nabarmendu du: «Urte asko lehiaketan elkarrekin egon ginen, eta haren lana ondo ezagutu nuen. Horregatik, proiektu honetan parte hartu nahi nuen. Uste dut halako erokeriak egin behar direla gure kultura bizirik mantentzeko. Kontzertua jendez gainezka zegoen, eta hori gaur egun azpimarratzekoa da».
Et Incarnatusek CD eta DVD euskarrietan bildu du Erkki Pohjolaren omenaldia
Zazpi abesbatzatako 250 abeslarik eta 50 musikarik egin zuten duela urtebete Tolosan izandako kontzertua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu