Manexek, bospasei bat urte zituela, deskubritu zuen erdara, pantailatik deskubritu ere. Pantailetatik, hobeto esan: telebistatik, zinematik, ordenagailutik, nintendotik. Ikus-entzunekoetatik. Horiek ditu bere etxea eraikitzen joateko leihoak, ez leiho guztiak baina bai ederrenetakoak bere begietara. Erdararekin batera mundu berri erakargarri bat ireki zitzaion. Eta hori da bere munduetako bat gaur; beste bat herriko plaza du, lagunartea eta euskara hutsezko mundu bat. Baina ikus-entzunezkoetatik elikatzen da hein handi batean, horrek limurtzen du, txoratzen, mundu harrigarri eta erakargarria topatzen baitu bertan. Eta herriko plazako mundua ere pantailako beste mundu horrekin nahasten da beste hein handi batean, haren hizkuntza eta haren iruditeriarekin.
Beti esan izan da ikus-entzunezkoetan, bereziki zineman, bere buruaren berri ematen ez duen herriak nortasunaren egintzan zulo handi bat duela. Irlandarrek zeinen ondo zeinen berez eta zeinen sarri kontatu duten euren lehengo eta gaurko mundua. Irlanda, bere historia, paisaia eta bere gatazkekin denok identifikatzen dugu pelikula sorta batean. Antzera, Iran; antzera Alemania, eta Frantzia. Baita Espainia ere, hala uste dut, baina eskapatu egiten zait ziurrenik espainolegia naizelako. Ez alferrik, mundu mailako kultura indartsuenak, Estatu Batuetakoak, bere kulturaren zabalkundean eta globalizazioan zinema du armada nagusi. Guk ere zinema iparramerikarra ikusiz ikasi dugu janzten, jaten, erosketak egiten, maitatzen, musu ematen, dantzatzen, kantatzen eta baita zinema ikusi eta egiten. Eta berdin gure seme-alabek. Kultura da globalizazio bide nagusia, baina globalizazioa norabide bakarrekoa denean, inperialismo izaten segitzen du, eta gaur egun inperialismoa kulturaren bitartez dator. Ez da kontu berria hau, hainbatetan errepikatu izan da han eta hemen. Baina, kontu, arriskua dugu pentsatzeko gaur egun kolonialismoa kulturala baino ez dela, eta hori beti dela hobe, demagun, Erdi eta Hegoameriketan Gaztelako armadak egin zuen genozidioa pairatzea baino. Baina, kurioski, lehen bezala orain, herri globalizatzaile handiak dira mundu mailako ekonomian agintzen dutenak, eta horiek eurak dira armada handi eta indartsuenak dituztenak. Ez da inperialismo modua aldatu, findu, zibilizatu egin da, zenbaitek esan bezala: inperialismoak bide eta kanal gehiago eta eraginkorragoak baliatzen ditu ikuskera eta bizikera inposatzeko. Eta, aitor dezagun, ez gara oso disgustura bizi.
Egunkarietatik egun berean moztu eta jasotako bi albiste, orain hilabete batzuk: Nazio Batuen Erakundeak munduko biztanle guztiok internetera sarbidea izatea giza eskubide gisa onartu duela, bata; eta bigarrena, hizkuntz eskubideak giza eskubide izatea onartu gabe segitzen dutela. Ez dakit nola ezkontzen diren bi erabaki edo posizionamendu hauek. Baina itxura batean, norabide bakarreko globalizazioa indartzera datoz, alegia inperialismoa. Ahoko zuloan jarriko diguten guztia jateko prest egon behar dugu, nork bere hizkuntzan kexa edo birau txikiena ere egin gabe. Menua aukeratu ez baduzu ere, ahoa zabaldu eta bazka jaten eman diezazuten eskubide bat da, baina zuk ahoa zabaldu eta besteei zeuretik ematea ez da eskubide bat.
Internet, sarea, izan liteke ikus-entzunezkoen pantailen multzoan, eremu libre bat, askatasunaren lurralde bat, berdinetik berdinera jokatzeko zelai bat. Hori esaten dugu, agian izan liteke. Baina oro har botere bakar baten hizkuntza eta pentsamendua zabaltzeko merkatu handi bat bihurtu da. Edo bihurtu dugu. Eta erosle gara bertan. Baina zenbat joan-etorri egiten ditugu hizkuntz eskubideak bermatuta ez dituzten kulturetara, kultura txikietara, bestelako kultura handietara, bestelako edukietara, bestelako pentsamendu eta jokaeretara?
Manexi leiho berri gehiago zabaltzen saiatzen naiz, etxe irekiagoa, bereziagoa, freskoagoa, anitzagoa, ugariagoa, justuagoa, berdinagoa, zer dakit, eraiki dezan. Ez dago erraz kolore, mugimendu bizi eta argi dirdiratsuz gainezka —baina baita askotan indarkeriaz, lehiaz, hezkidetzaren kontrako balioz eta pentsamendu bakarrez— datorren pantailari aurre egitea. Baina gero eta beharrezkoagoa da norabide bakarraren kontrako bideetatik datorren globalizazioa, guk gurea zabal dezagun gurean eta kanpoan, eta beste guk eurena gureganaino zabal dezaten.
Katuajeak
Etxea eta leihoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu