Gaztetxoa zen Javier Valverde aita hil zitzaionean, Antonio Valverde margolaria. Oiartzungo Ayalde etxean bizitako giroak eta aitak utzitako ondare artistikoak izan du eraginik haren lanetan, baita Rosa arreba margolaria izatean ere. «Baietz uste dut, beti bazen han norbait, beti bazen jendea eta mugimendua, Arantzazuko fraide bat, Mikel Laboa edo Oteiza bera». Antton Valverde anaiaren musika munduko lagunak ere pasatu izan ziren handik.
Aitak zerbaitetan eragin bazion kritiko izaten eragin ziola uste du Valverdek. «Lan hau oso kritikoa da nirekiko, eta uste dut ongi ikusiko lukeela; gauza bat ez dudanean gustuko, kanpora, zalantzarik gabe! Horrek niretzat inportantzia handia du, ez edozein gauzarekin konformatzea. Bera ere halakoa zen». Antonio Valverdek ere «Euskal Herriarekiko eta paisaiarekiko maitasun izugarria» zuela dio Saguesek, eta «gizakiaren astakeriak ikustean asko sufritzen» zuela. Gogoan du duela 50 urte inguru lehen argindar posteak jarri zituztenean gizonak hartu zuen «disgustua». Etxetik jaso zituen horiek guztiak semeak.
Arrebarengandik ere izan zuen zer ikasia, bien lanak erabat ezberdinak, «eguna eta gaua bezala» diren arren. «Gu ere halakoak gara», dio barrez, eta, hala ere, oso ongi moldatzen dira. «Biek dute umorea lanetan», dio Saguesek. Aitaren margogintza klasikoagoa zen arren, «bere grabatuak eta gaiztakeriak ere» egiten zituela gogoratu du semeak, bazuela hark ere umore puntu hori.
Arrebaren bidez Bixente Ameztoy, Juan Luis Goenaga, Ramon Zuriarrain eta Jose Luis Zumeta ezagutu zituen garai hartan, besteak beste. «Bere lagunak ziren, etxera etortzen ziren, eta handik nenbilen ni ere». Haiek artea ikusteko zuten beste modu horrek ere izan zuten eraginik beregan. «Oso garrantzitsuak izan ziren niretzat. Ni mutil koxkorra nintzen, eta haiek beti haiekin joateko esaka... oso irekiak ziren». Hamaika kontu bizi izan zituzten elkarrekin. Pintatzeko ere elkartu ziren behin edo behin. «Bixente etxera etorri eta, agian, izkina batean jartzen zen, koaderno batean marrazten... eta, bat-batean, gauza zoragarri bat!», gogorarazi du Saguesek, erakusketaren komisarioa ez ezik Valverderen iloba ere badenak. Haren obran Ameztoyren «eragin handia, miresmena, errespetua» ikusten ditu.
Etxeko arte girotik edan duen artista
Antonio Valverde 'Ayalde' margolaria aita zuen, eta Rosa arreba nagusiak ere pinturaren bideari heldu zion
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu