Badira zenbait hilabete lanean hasi zela, baina orain ari da Etxepare Institutua abiadura hartzen. Ekainean Aizpea Goenaga zuzendaria izendatu zutenez geroztik azkartu egin da euskara eta euskal kultura nazioartera zabaltzeko sortutako erakundearen jarduera. Antzeko eginkizuna duten beste herrialde batzuetako erakundeekin eta unibertsitateekin harremanak sendotzeko egindako bilerak, hitzarmen sinadurak, bidaiak eta lan taldea osatzeko kudeaketak bidaiak ugaldu egin dira azken hilabeteetan, baina Etxepare Institutua barrutik ezagutzea eta gizartera irekitzea, jalgitzea falta zen.
Donostiako Prim kaleko egoitzaren inaugurazio ofiziala egin zuten atzo goizean, Institutuko patronatuko kideak, komunikabideak eta hainbat gonbidatu bertan zirela, besteak beste, Mikel Olaziregi Donostiako Zinemaldiko zuzendaria -urtarrilean utziko du kargua-, Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendari ohia, Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia, Mikel Arregi Euskadiko Filmotekako zuzendari ohia eta Jon Bagues Eresbileko zuzendaria. Mari Jose Olaziregi Euskararen Sustapen eta Zabalkunderako zuzendaria eta institutuaren logotipoa ere aurkeztu zituzten ekitaldian.
«Euskal herritar guztion etxera» ongietorria emanez hasi zuen Aizpea Goenagak hitzaldia, «euskal kultur produkzio guztiak izango duelako tokia etxe honetan, euskaraz egiten denak, erdaraz egiten denak eta hitzik ez daukanak». Etxea ez ezik, «zubia» ere izango da, «kanpoan euskara eta euskal kulturaren sormenari lekua egitea baita gure funtzio nagusietariko bat; leihoak irekiko ditugu mundura, leiho horretara hurbiltzen direnek gure hizkuntzak eta kulturak osatzen duten paisaiaz gozatzeko aukera izan dezaten. Euskararen eta euskal kulturaren enbaxadoreak izango gara atzerrian». Egoitzaren pareta zurietako batean, institutuari izena ematen dion idazlearen esaldirik ezagunena dago idatzita: «euskara jalgi hadi mundura».
Horretarako, ia hiru milioi euroko aurrekontua izango du institutuak 2011n, diru kopuru «duina», Goenagaren hitzetan, «handienekin parekatzeko» helburura gerturatzen hasteko. Espainiako Cervantes, Herrialde Katalanetako Ramon Llull eta Alemaniako Goethe institutuak aipatu zituen horien artean. Lehenengo biekin hitzarmena sinatzeko eguna jartzea baino ez da falta.
«Erronkak zirraragarriak dira, eta gure gain hartuko dugun ardura ez da makala», aitortu zuen Goenagak. Hain zuzen, Etxepare Institutuaren zeregina «estrategiak zehaztea, helburuak diseinatzea eta kultur jarduerak antolatzea» izango dela aurreratu zuen, baina elkarlanari «garrantzi berezia» eman nahi diotela ziurtatu zuen. «Gu bitartekari batzuk baino ez gara. Kultur eragile guztiekin bildu nahi dugu, haien ahotsa entzun eta iritziak eta proposamenak jaso».
Epe laburrera bi ekimen iragarri zituen Goenagak, baina ez zuen askorik aurreratu nahi izan: kanpaina bat abiatuko dute webgune baten bidez, eta gizartearen aurrean institutuaren aurkezpena egiteko baliatuko duten ikuskizun bat prestatzen ari dira, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ere aniztasunaren ideia azpimarratu zuen. «Euskal gizarte osoaren ordezkaria» izan nahi du Etxepare Institutuak, «ideologia, sentsibilitate eta diziplina artistiko guztiak harro eta eroso sentituko diren etxe hori izan nahi du», haren hitzetan.
Etxepare Institutua jalgi da
Erakundearen egoitzako ateak zabaldu dituzte, «euskal kultur ekoizpen guztiek tokia izango duten etxea» izateko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu