Iritzia

Etxepareren miraila

Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARP).
Xabier Kintana Urtiaga.
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Teknologiak azken mendean egin duen aurrerakada ikusita, asmakari guztiak gure belaunaldiaren inguruan sortuak direla pentsatzeko joera izaten dugu batzuetan. Uste horren beste muturrean, nihil novum sub sole-zaleak izaten dira, hots, dena lehenagotik aurkitua zegoela pentsatzea nahiago dutenak, beste izenez bada ere. Eta bai batzuei eta bai besteei, ez zaie arrazoirik falta.

Izan ere, argi dago gaurko zientziaren aurrerapenek oraintsu arte sinetsi ere ezin zitezkeen arloetaraino eraman gaituztela, eta zaila gertatuko litzaigukeela mende batzuk lehenagoko pertsonei horiek zertsu diren azaldu ahal izatea. Ez da gezurra, ordea, oraingo aurrerapen ez gutxi, bestelako izen eta izanaz bazen ere, jada ezagunak eta asmatuak zirela antzinatean, eta arkeologiak era horretako ezusteak ateratzen dizkigu aldizka, lehenagoko gizakiei buruetan materia grisik ez zutela falta argiro erakutsiz.

Inoiz, gainera, Leonardo da Vincik diseinaturiko tresna batzuen kasuan bezala, ideia batzuk areago moldatu eta prestatu ziren, bai eta horien plano zehatzak egin ere. Beste batzuetan, ordea, ametsak eta nahiak ez zetozen bat garai haietako teknikaren ahalmenekin eta, horiek adierazteko hitzak oraindik asmatuak izan ez arren, garai hartako zientziafikziozkotzat jo genitzake, berehalako ondorio praktikoetara heldu gabeak.

Halere, ezinezkoak badauka bere baitan ezin ezkutuzko erakarmena, eta historian zehar argi ageri izan da lehenagoko ezin asko, denborarekin egingarri bihurtuz joan direla, eta hasieran umeen jolaserako edo nagusien fantasia lantzeko besterik ez ziren proposamen bitxiak pixkanaka errealitatean mamitu eta gauzatu direla. Bestalde, nahi izatetik ahal izatera arteko denbora gero eta laburragoa egin zaigu.

Jules Verne frantsesa, adibidez, gure Sabino Aranaren garaikidea zen eta gutxi falta izan zitzaion berak iragarririkoa ikusi ahal izateko. Ingalaterran Herbert Georges Wells-en iragarpenak, ordea, (denboraren makina, ezinikusizko gizakia...) helmen luzeagokoak izan ziren eta, beraz, betearazteko zailagoak, eta gauza bera esan daiteke, Carl Saganen Contact deritzon eleberriaz ere. Ez da hori, ordea, Parke Jurasikoaren asmatzailearen kasua, hots, Michael Crichton amerikarrarena, eta aspaldian horri buruzko albiste-zurrumurruak dabiltza: japoniar milioidun baten mezenazgoari esker, zientzialariak mamutak birpizteko bidean ari omen dira, Siberian duela hogei mila urte inguru izozturiko animalien zelulez baliatuz. Badirudi beraz, egia dela gizaki batek buruz asma dezakeena, denboraz, beste batek betearaz dezakeela.

Eta gurera itzulita, badirudi XVI. mendean bazela jada zientzia fikziozko asmatzailerik Euskal Herrian, poeta-mozorropean. Garbi dago Etxeparek behintzat era horretako fantasiarik erabili zuen burutik. Gogora dezagun, esaterako, Amoros sekretuki dena bere poema famatuan dioena: «Mirail bat nik ahal banu, hala luien donoa, / neure gogoa nerakutson, sekretuki han barna. / Han berian nik nakusen harena ere nigana, / hutsik ezin egin nezan, behin ere hargana».

Gaur, telefono mugikor pantailadunei esker, edozeinek dauka eskuaren aldamenean bere maitea zertan dabilen ikusteko ahalmen hori, baina jada 1545an horrelako bideo-pantailarik, irudimenez bederen, izan eta egin zitezkeela esatea ez da gutxi. Agian, gu konturatu ez arren, garaztarrak urrunago ere eraman zuen bere aurreikusmena, eta halaxe ohartu zen etorkizunean, geure egunotan ere bai,euskarak kanpora, plazara, mundura irten eta mundu guztitik ibiltzeko aukeraz izango zuela. Beharbada, ordutik gaurko errealitatea ikusten ari zen bere irudimenezko futuroskopioren batetik, euskaldunoi gizontasunez (eta emakumetasunez) burua altxa genezan adorezko hitzak esanez. Hala biz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.