Atzo zendu zen Eugenio Alberdi Zabaleta, 85 urte zituela, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak jakinarazi duenez. Azkoitiko (GIpuzkoa) Urrategi bailarako Zabaleta baserrian jaio zen 1930ean, eta Azkoitian bertan bizi zen gaur egun ere.
Juanito Garate Maltzeta zenaren auzo berekoa izaki, harekin batera hasi zen gazte denboratan erromerietan. Bere inguruko trikitilari ezagunenen arabera, soinu txikiari inork baino hobeto ateratzen zion trikiti airea, berez instrumentu honi zion maitasunaren aiderazgarri.
Berarekin batera pandero jotzaile ibili zuen urtetan Jesus Zialtzeta Bidani motza. 1978an Urretxun (Gipuzkoa) omendu zituzten biak. 2003an Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ere omendu zuen beste soinu jotzaileekin batera. Oso gizon estimatua izan zen trikitiaren munduan. Pertsona goxoa izaki, maitatua izan zen.
Gaur arratsaldeko 7:00etan izango da hileta elizkizuna Azkoitiako Santa Maria La Real parrokian.