Europako Ganbera Orkestra, Kursaalean

Schubert, Mozart eta Schumannen obrak emango ditu, Yannick Nezet-Seguin zuzendari dela

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Europako Ganbera Orkestrak Schubert, Mozart eta Schumannen obrak emango ditu gaur, 20:00etan, Donostiako Kursaaleko Auditoriumean, Yannick Nezet-Seguin-ek zuzenduta. Adituek munduko ganbera orkestrarik onenen artekotzat jotzen dute Europako Ganbera Orkestra. 1981ean sortutako orkestra da, eta Londresen du egoitza nagusia. 47 musikarik osatzen dute. Grammy sariaz gain, Gramophone, Midem eta Classical Download sariak ere eskuratu ditu. Zuzendari ezagunek egin izan dute lan Europako Ganbera Orkestrarekin, hala nola Claudio Abbadok, Bernard Haitinkek eta Nikolaus Harnincourtek, adibidez.

Yannick Nezet-Seguin, berriz, egungo orkestra zuzendaririk entzutetsuenetakoa da. Londresko Covent Gardeneko Royal Opera House aretoan aritzekoa da aurki, eta 2011-2012ko denboraldian New Yorkeko Metropolitan Opera eta Filadelfiako Orkestra zuzenduko ditu. Horrez gain, Londresko Orkestra Filarmonikoaren zuzendari gonbidatu nagusi gisa du kontratua. Montrealen (Kanada) sortua da, eta Carlo Maria Giulinirekin ikasia.

Gaurko emanaldiarekin jarriko da abian Kursaal Fundazioaren 2010-2011ko denboraldia. Janine Jansen biolinista zen aritzekoa, bakarlari gisa, Europako Ganbera Orkestrarekin, baina bertan behera utzi du bere parte-hartzea. Maiatzean ere bertan behera utzi zuen Jansenek Donostian egitekoa zuen beste emanaldi bat. Orduan Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin aritzekoa zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.