Zinema. Fantasien gatibu

Europarron harrotasuna

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Kultura Ministerioaren arabera, 2009. urtean Estatu Batuetako produkzioak izan ziren estatuko zinema aretoetan nagusi, %70,8ko portzentajearekin. Bigarren postuan Espainiako zinema zegoen, %15,9rekin, eta Europako Batasuneko gainerako herrialdeetako filmek %12,5eko ikusle kuota lortu zuten. Europako beste estatuetan gauza bera gertatzen da; denetan amerikarrak dira jaun eta jabe, eta estatuko produkzioek bigarren postuari eusten diote normalean. Hollywoodeko ekoiztetxeek filma egiten baino diru gehiago inbertitzen dute publizitatean eta promozioan, eta komunikabideetan duten presentzia nabarmena da oso. Horrek guztiak izugarrizko abantaila ematen die, eta publikoaren babesa erdiesten dute. Kontsumitzaileek askatasun osoz erabakitzeko aukera omen dute, baina ez da hala izaten. Liberalek askatasun indibidualaz hitz egitea atsegin dute, baina argi dago gezurretan ari direla; boterea duenari ezberdin tratatzen baitzaio, eta irrati, telebista, albistegi eta aldizkarietan presentzia handia eduki ohi dute. Komunikabideetan agertzen ez dena ez da existitzen; hortaz, pelikula guztiek ez dituzte aukera berak. Hollywoodeko filmen bonbardaketek ez dute etenik, eta ikus-entzulearen desira piztea lortzen dute. Lehen Mundu Gerraz geroztik Europako merkatuetan nagusi dira estatubatuarrak. Produktua saltzen badakite; hori ukaezina da. Baina publizitatean xahutzen duten dirutza hori guztia gastatuko ez balute, inork ez luke euren filmen berririk edukiko. Testuinguru honetan ospatzen dira Europako Zinema sariak, eta larunbat honetan aurtengo edizioko irabazleak jakinaraziko dira Berlinen. Iaz, Roman Polanskiren The Ghost Writer lanak sei sari eskuratu zituen, tartean film eta zuzendari onenarena, eta aurtengo honetan, Lars von Trier polemikoaren Melancholia filmak zortzi izendapen jaso ditu. Alberto Iglesias eta Antxon Gomez donostiarrek La piel que habito lanagatik sari bana jaso dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.