EUSKADI LITERATURA SARIAK. Euskadi Saria ere hartuko du barruan 'Autokarabana'-k

Fermin Etxegoienen nobelak «gure sasoiko bizitzaren kronika orohartzailea eta oso gurea egiten du», epaimahaiaren iritziz

Juan Luis Zabala
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Nekez irudika daiteke ibilbide oparoagorik egile batek fikzioaren arloan argitaratzen duen estreinako liburuarentzat: Euskarazko Literaturako Euskadi Saria jasoko du Fermin Etxegoienen Autokarabana nobelak (Pamiela), Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emana, aurretik Kritikaren Saria irabazi eta gero, narratiba arloko Espainiako Literatura Sari Nazionalerako hautagai izan eta gero, urtebete eskaseko epean liburuaren bi edizio agortu eta gero, eta euskal literaturako liburuen artean azkenaldiko komentatuenetakoa izan eta gero.

«Eite konpakto eta sendoa» du Autokarabana-k, Felipe Juaristi, Pello Otxoteko, Lourdes Otaegi, Javier Rojo eta Arantxa Urretabizkaiak osatutako epaimahaiaren ustez. «Gure sasoiko bizitzaren kronika orohartzailea eta oso gurea egiten du, euskaldunona, geure gabezia eta korapiloekin. Protagonista kontalariaren ikuspegi sarkastikoak, inguruko errealitatearen berri ematen digu denbora errealean, hots, bere eguneroko bizitzaren egunerokotasunaren sentsazioak transmititzen ditu».

Aurten, zortzi saridun

Azaroaren 16an jasoko du saria Etxegoienek, Donostian egingo den ekitaldi ofizialean. Berarekin batera izango da Jose Fernandez de la Sota, Gaztelaniazko Literaturako Euskadi Sariaren irabazlea, eta Euskadi Sariaren beste sei irabaztun: euskarazko saiakerakoa, gaztelaniazko saiakerakoa, euskarazko haur eta gazte literaturakoa, gaztelaniazko haur eta gazte literaturakoa, euskarazko itzulpenekoa etailustraziokoa. Sei sari horien irabazleak nortzuk diren gaur eguerdian jakinaraziko dute. Euskadi Sariaren irabazle bakoitzak 18.000 euro eskuratuko ditu, eta horretaz gain -itzulpen arloko saridunaren kasuan izan ezik- beste 4.000 euro jasoko ditu aurrerago, itzulpena argitaratzen baldin bada.

Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) kazetaria da, ikasketaz eta lanbidez. Gaur egun, Gaztea irratiko Ekaitz perfektua saioa zuzentzen du, eta ETB1eko Anitzele telebista saioan gidoilari lanetan dabil. Aurretik beste saio askotan izan da gidoilari, Kalaka, Lau Haizeetara eta Katu Kale-n besteak beste. BERRIAko kolaboratzailea da, eta beste hainbat egunkari eta aldizkaritan ere idatzi izan du, Euskaldunon Egunkaria-n, Argia-n eta El País-en besteak beste.

Neurona eta Zeurona (Pamiela) saiakera argitaratu zuen, 2004an, euskararen inguruko bere gogoetetan oinarrituta. Autokarabana nobelan ere bada gogoeta horien arrastorik, fikzioaren bidez emanak badaude ere.



Fermin Etxegoien.Idazlea

«Ni kazetaria naiz, eta nobela hau nire lanaren proiekzio naturala da»

J.L.Z.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak egindako deiaren bidez jakin zuen Fermin Etxegoienek, joan den astean, Euskadi Saria jasoko duela.

Ezustean harrapatu zintuen albisteak, ala bazenuen esperantzarik?

Nobela idatzi nuenean, ez nuen inondik ere uste halako ibilbiderik egingo zuenik. Baina esan dezaket azken egunetan zantzu batzuk ikusten nituela faboritoen artean nengoela pentsatzeko.

Zer nolako zantzuak?

Felipe Juaristi epaimahaian egongo zela jakin nuen, eta bera izan zen Autokarabana Espainiako Sari Nazionalera [narratiba arloan] hautagai gisa aurkeztu zuena, Katixarenarekin batera [Katixa Agirreren Habitat]; Javier Rojo ere epaimahaian zegoen, eta berak deitu zidan udaberrian Kritikaren Saria eman zidatela jakinarazteko. Horrez gain, Pamielako lagun batzuek esan zidaten aukera handiak zituela nire nobelak.

Zer iritzi duzu epaimahaiak zure lanaz esandakoaz?

Ni bat nator epaimahaiak esan duenarekin. Baina hori esan eta gero, esango nuke sari bat irabazteko horixe behar dela hain zuzen: epaimahaiarekin bat etortzea, edo epaimahaia bat etortzea zurekin. Seguru nago beste norbaitek irabaz zezakeela beste epaimahai batekin.

Bai kontatzeko modua eta bai pertsonaia nagusia ezohikoak dira euskal literaturan, eta eman dute zer esana.

Nire ustez nobela honetan dagoena oso ohikoa da gutariko askok irakurtzen eta preziatzen dugun literaturan. Horretan ez dut uste batere nobela berezia denik. Euskal literaturaren kontestuan, ezohikoa dela? Berdin dit. Esango nuke agian ezohikoak besteak direla.

Idazle sentitzen eta idazleago izaten lagunduko dizu sariak?

Ni kazetaria naiz eta hizkuntza da nire lan tresna. Nire lanaren proiekzio naturala da nobela hau, nire lanaren prolongazio ia-ia beharrezkoa, zerbait aportatu nahi izanez gero behintzat. Hizkuntzaren alde -batek baino gehiagok kontra esan beharko nukeela pentsatuko du- egitea dagokidan zerbait dela iruditzen zait. Idazlea naizen edo ez, berdin dit.

Liburua gaztelaniara itzulia duzu. Argitaratzeko aukerarik edo asmorik bai?

Felipe Juaristik udaberrian deitu zidan, gaztelaniazko itzulpena egiteko eskatzeko, nobela Espainiako Sari Nazionalerako hautagai gisa eramango zuela-eta. Baina itzulpenak uztailaren 15erako bukatuta behar zuen. Eskerrak ordurako itzulpena hasita neukan! Urtarrilean Bernardo Atxagak sugeritu zidan itzultzen hasteko, eta orduan zerbait egiten hasi nintzen. Horri esker entregatu ahal izan nuen itzulpena garaiz. Lan gogorra izan zen, eta irailean lana berriro begiratu dudanean ikusi dut itzulpena eskasa dela. Orain berriro hasi naiz, orrazten, estilo baten bila. Baina oraingozez dakit argitaratuko dudan. Ez dut inongo segurtasunik liburu honen erdal argitalpenaz.

Euskarazko narratibaren munduan txoko bat zeureganatu duzu. Zer iritzi duzu egungo euskal narratibaz?

Hizkuntzaren gainean daukadan berbera, neurri batean. Oñatiko gure haurtzaro erabat erdalduna gogoratuta, gaur egun Oñatiko plazan zein hizkuntza den nagusi jabetzen naizenean mirakulu bat iruditzen zait gaurko egoera. Literaturari buruz, ez dut gauza bera esango, ez baita gauza bera. Baina badira paralelismoak. Karmele Jaio, Irati Jimenez eta Mikel Peruarenaren nobelak irakurri ditut, adibidez, azken hilabeteotan, eta bikainak iruditu zaizkit. Badira bikaintasuna erakusten eta adierazten duten lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.