Bitoriano Gandiaga poeta handia (Mendata, Bizkaia, 1928-Arantzazu, Gipuzkoa, 2001) lagun min eta fraidekide izan zuen Azurmendik Arantzazun. Bere ondoan eman zituen azken egunak, eta haren liburu guztiak berrirakurri zituen, «hiltzera zihoala jakitun, obra horietan haren biografia eta nortasuna bilatuz».
Liburuan hiru plano elkarren artean nahasi egiten direla azaldu du egileak, eta saria jaso duelako «pozik» dagoela: «Gandiagaren obraren berrazterketa bat dago, berarekin izan nituen elkarrizketen mailan». Azurmendik dioenez, «alderantzizko hausnarketa» ere badago liburuan: «Euskal Herriak azken urteetan utzi egin dio erlijioan sinesteari, fededun izateari. Eta, beraz, gogoeta kritikoa dago liburuan erlijioan sinestera nola heltzen den azalduz, gure tradizioan eduki ditugun elementu horietan sakonduz, gaur egun baliagarriak diren edo ez planteatuz». Beste ertz bat ere badu: «Zer den herria izatea. Herriaren kontzeptuaz XIX. mendeko literatura espainiarrean zer ulertu den. Horretaz hausnartu dut».
Irakurketa ugari egin izanaren ondoriozko dokumentazio lan zorrotzak, sentiberatasun erne eta argiak eta landutako gaien ertz guztiak arakatzeko trebeziak egiten dute jori eta eder Azurmendiren saiakera.
Ikuspegi berritzaile bat eman izana ere aitortu diote. Ordea, Azurmendi ez da mintzatu eztabaidarik ametitzen ez duen maisu orojakilearen ikuskeratik. Aitzitik, ikuspegi kritikoa sustatzeko xedez eginiko obra da, eta, horretarako, nork bere ondorioak ateratzeko esparrua eskaintzen du.
Quirogaren idazkera «oparo eta gihartsua», ongi gordea
Euskarazko itzulpenaEguzki kolpea
Jesus Mari Mendizabal
Eguzki kolpea liburuan (Alberdania-Elkar)Jesus Mari Mendizabalek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1949)«euskarazko hizkera bizia» baliatu izana goraipatu du Euskarazko literatura itzulpeneko epaimahaiak. Uruguain sortu eta Argentinan zendutako Horacio Quiroga idazleak (1878-1937) bi herrialde horien arteko mugan kokaturiko oihaneko indigenen kontakizunak euskarazko ipuin bihurtu ditu Mendizabalek, «gaztelaniazko hiztegi oparoa euskaraz ere oparo emanez, eta Quirogaren idazkera gihartsua ongi gordez».
Mendizabalek ardogileen lanarekin alderatu du berea. «Txakolina edota ardoa garestia bada, mahasti bakoitzaren atzean lan handia dagoelako dela diote. 'Inork ez daki zenbat joan-etorri egiten ditugun mahatsondo bakoitzaren ondotik', esaten dute. Bada, niretzat Quirogaren liburua euskaratzea haientzat ardoa egitea bezalakoa izan da, lan ugaria eta sarri egin beharrekoa. Liburuko paragrafoak mahatsondoak izan dira; eta hitzak, mahats aleak. Inork ez daki, ezta neuk ere, zenbat aldiz pasatu naizen paragrafo, esaldi eta hitz bakoitzetik». Mendizabalek dioenez, «lan eskerga» egin du; «lan handia egin dudan, ez dakit», adierazi du.
Saria jaso ez izanagatik, epaimahaiak «aipamen berezia» egin nahi izan die finalistei, hots, Luis Berrizbeitiaren Basamortua eta Karlos Ciden Izatearen arintasun jasanezina liburuei.
Ozen irakurtzeko ipuina, liburuen ahotsa entzuteko
Haur eta gazte literaturaXia Tenzinen bidaia miresgarria
Patxi Zubizarreta
Patxi Zubizarretak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) Ibaizabal argitaletxearekin plazaratutako Xia Tenzinen bidaia miresgarria liburuak jaso du Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria. Pertsonaia nagusiak, alegia Xia Tenzin izeneko erraldoiak, Txina osoa zeharkatuko du Ibai Horiari jarraituta. «Ibileraren kadentzia» jasotzen saiatu da Zubizarreta; horretarako, «errepikapenak, paralelismoak eta hiztegia» erabiliz. Hortaz, soilik irakurtzeko den testu bat beharrean, «ahots ozen bat» aurkituko du irakurleak Zubizarretaren lan sarituan. «Ahots ozena eta Jacobo Muñizen ilustrazio ederrak», nabarmendu du idazleak.
Lagun batek azaldu zion Zubizarretari bere alabak hamar bat urterekin liburuen ahotsa entzuteari utzi ziola, «batez ere, eskolan egiten zituzten lanen eraginez; argumentuak aztertzea, pertsonaiak, metaforak eta antzekoak». Lagun horren alabaren kasua bakarra ez delakoan dago Zubizarreta. Eta idazleen lana «ahots hori zaintzea» dela uste du. Horregatik, «ozen irakurtzeko ipuina»ondu du, «literatura horrela gozatzen delako».
Haur eta gazte literaturako epaimahaikideek «kapituluen izenburuei darien poetikotasuna» azpimarratu dute, «baita kapitulu horien barneko narrazioei dariena ere». Saria emateko aktan jaso dutenez, «musikaltasuna presente dago obra osoan». «Bidaian zehar irakurleak alaitasuna, adiskidetasuna, esperantza, unibertsaltasuna eta une tristeak biziko ditu erraldoiarekin batera, eta irakurketan aurrera egin ahala, haurra ere handiago bihurtuko da, erraldoiago bederen», azaldu du epaimahaiak.
Aurrez ere birritan eskuratu du Zubizarretak Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria: 1998an Gizon izandako mutila obrarekin (Pamiela), eta 2006an Pantaleon badoa-rekin (Pamiela).
Bi arrazaren arteko mundua: dirudunak eta diru bakoak
Espainierazko saiakeraSin tiempo que perder
Miguel Sanchez-Ostiz
«Biziki pozik» dago Miguel Sanchez-Ostiz (Iruñea, 1950), Sin tiempo que perder saiakerarekin (Alberdania) ez zuelako inondik inora espero Euskadi saria jasotzea. «Ez da lan akademiko bat, ez da doktore lan bat». Hain zuzen, horrek eman dio atentzioa epaimahaiari. «Gaiak jorratzeko ikuspuntuaren originaltasunak eta lanaren oinarria bizitako esperientziaren goratzea izateak».
Liburua idatzi bitartean, animoa «ohi baino altuago» izan zuela azaldu du Sanchez-Ostizek; «izan ere, haserrealdien kontrako liburua da hau». Epaimahaiaren arabera, obra «zintzoa» da, «ez beti politikoki zuzena».
Sanchez-Ostizi ez da gehien axola diona. «Adinean aurrera egin ahala, idazlea konturatzen da bizitza honetan benetan zer den garrantzitsua eta zer ez. Zeintzuk diren pertsonak egiazki kezkatzen dituzten gaiak». Eta, horrenbestez, zeri jarri behar zaion arreta». Liburu sarituan, hiru bidaiatan izaniko bizipenen ondorioz eginiko gogoetak bildu ditu Sanchez-Ostizek.
Lehendabiziko bidaiak Errumaniara eramango du irakurlea; Bukarestera, zehatz-mehatz. Bigarrenean, Txilen eta Bolivian barruratuko da. Eta hirugarrenean, Eskozia ezagutuko du; Edinburgo, hain zuzen. «Toki horietan guztietan nortasun arazo latzak izan dituzte. Migrazio mugimendu handiak egon dira. Eta ezinbestekoa izan da aztertzea zergatik emigratu duten hainbeste pertsonek». Beste «gatazka» bati ere heldu dio Sanchez-Ostizek Sin tiempo que perder saiakeran:«arraza batek beste batekin egiten duen gehiegikeria». Izan ere, pentsalariaren arabera, «gaur egun bi arraza baino ez daude: dirudunak eta dirurik gabeak».
Sakontasun handiko gaiak jorratu arren, liburua iluna ez dela ohartarazi du; «kontrara, oroz gain, bizizalea», ziurtatu du.
Saguen harridura, beldur eta poz keinu bizi-biziak
Literatur ilustrazioaIpuin-kontalariaren lapikoa
Jokin Mitxelena
Jokin Mitxelenak (Donostia, 1962) jaso du Literatur Ilustrazioaren Euskadi saria, atal horretako epaimahaiak hala ebatzita. Aizkorri argitaletxeak kaleratutako Pello Añorgaren Ipuin-kontalariaren lapikoa liburuan eginikomarrazkiek testuarekin ezarritako paralelismoak «egokiak» ez ezik «ederrak» ere badirela iritzita saritu dute Mitxelena, Dani Maiz epaimahaiburuak azaldu duenez. «Ilustrazioak oso egokiak dira lan honen hartzaile izango diren haurren adinerako», esan du Maizek. Marrazkien «adierazkortasuna» ere nabarmendu du.
Eguraldi beroa zela, hamar sagutxo siesta egitera erreka ondora joan zirenekoa kontatzen du Añorgaren lanak. Lo hartzean, katu handi bat agertu, eta atzaparrekin heldu zituen denak...
Katuak sagutxoak bezala, irakurlearen arreta bereganatzeko zailtasunik ere ez dute Mitxelenaren marrazkiek, Maizek dioenez. «Oso biziak dira, keinu handi eta politak dituzte, eta horrek dibertigarri egiten ditu». Añorgaren kontakizunarekin bat datoz, halaber. «Harmonia handia dago lan baten eta bestearen artean».
Arte Ederrak ikasi zituen Mitxelenak, eta irakaskuntzan hamar urtez jardun ondoren, Alemaniara joan zen bizitzera. Marrazkigintza du bizibide egun, eta Euskal Herriko argitaletxeentzat ez ezik, Espainiako, Alemaniako eta Austriako beste etxe batzuentzat ere lan egiten du.
Literaturako Euskadi sarien banaketa ekitaldia azaroaren 16an egingo dute, Donostiako Kursaalean, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela. Eta han jasoko du Mitxelenak garaikurra, gainerako sailetan gailendutako sortzaile guztiekin batera.
Datuak
EUSKARAZKO HAUR ETAGAZTE LITERATURA
Finalistak: Haizearen tunela (Juan Kruz Igerabide), Jack destripatzailearen arrastoa (Joxemari Iturralde), Egun bat Petre Romanescuren bizitzan (Xabier Mendiguren), Itsasoko loti ederra (Xabier Mendiguren).
Epaimahaia: Ruben Ruiz, Arantza Baltzategi, Koldo Biguri, Idoia Jauregi, Ibon Egaña.
ITZULPENA
Finalistak: Basamortua (Luis Berrizbeitia), Izatearen aniztasun jasanezina (Karlos Cid).
Epaimahaia: Antton Olano, Bakartxo Arrizabalaga, Lourdes Oñederra, Amaia Ibarraran, Karlos del Olmo.
ILUSTRAZIOA
Finalistak: Nuria Hernandez (Lurmentzean), Iraia Okina (Zirkua amets), Mikel Valverde (Rita y el secreto de la piedra negra).
Epaimahaia: Daniel Martin, Elena Odriozola, Begoña Medel, Raquel Alzate, Iban Barrenetxea.
EUSKARAZKO SAIAKERA
Finalistak: Eskarmentuaren paperak (Anjel Lertxundi), Hizkuntza ados jartzeko da (Jon Sudupe).
Epaimahaia: Xabier Aierdi, Aritz Irurtzun, Andoni Eizagirre, Ana Toledo, Katixa Agirre.
GAZTELANIAZKO SAIAKERA
Finalistak: Juan Larrea, versión terrestre (Jose Fernandez de la Sota).
Epaimahaia: Ana Iriarte, Juan Jose Lanz, Ainhoa Larrañaga, Francisco Soguero, Cesar Coca.