Euskadi sarietako epaimahaiak larritzat jo du Jaurlaritzak dirua atxikitzea

EAk Sarrionandiari dirua ez ematearen arrazoiak azaltzeko eskatu dio Blanca Urgell Kultura sailburuari

Moroak gara behelaino artean? liburuaren aurkezpena, Donostian, iazko abenduan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Joseba Sarrionandiari emandako Euskadi sariak eta Eusko Jaurlaritzak hari dagokion dirua ez emateko erabakiak hautsak harrotu ditu. Euskarazko saiakera arloko epaimahaiburu Ainhoa Larrañagak larritzat jo zuen atzo Jaurlaritzak sariaren dirua atxikitzea, eta «kontraesana» ikusten du haren erabakian. Moroak gara behelaino artean? saiakerak lehiaketan parte hartzeko «legezko baldintzak» bete zituela dio; horregatik, ez ditu ulertzen orain Jaurlaritzak aipatzen dituen «legezko arazoak».

Larrañagaren iritziaren aurkaagertu da Lourdes Auzmendi, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea. «Jaurlaritza oso gardena izan da lehen unetik. Legearen barruan jokatzen ari gara, gustatu ala ez», azaldu du. Hainbat alderdi politiko ere mintzatu dira erabakiaren inguruan. EAko Juanjo Agirrezabala legebiltzarkideak larria deritzo Jaurlaritzaren jokaerari, «politika eta literatura nahastu dituelako». Hori dela eta, agerraldia eskatu dio Blanca UrgellJaurlaritzako Kultura sailburuari, Sarrionandiari dagozkion 18.000 euroak ez ematearen arrazoiak azaltzeko. «Euskadi sariek lan literarioak saritzen dituzte, eta ez egileen ibilbide pertsonal eta politikoak; bi gaien artean bereizten jakin behar da», gaineratu du. Saria bere osotasunean emateko eskatu dio Jaurlaritzari; hala egiten ez badu, «bihar beste edozein egile izango da garaiko gobernuaren aurreiritzi politikoak pairatuko dituena».

Ezker abertzaleak ere bat egin du EArekin. Prentsa ohar batean jakinarazi duenez, Jaurlaritzaren irizpideak «aurrekari larria ekarriko luke gobernuak berak gustuko dituen lanak baino ez saritzeko; kolore eta iritzi bakarreko euskal jendartea nahi dute». Sortutako gatazkak PSE-EE, PP eta UPD alderdien «intransigentziari» erantzuten diola uste dute.

UPD eta PPren kritikak

Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariari azalpenak eskatu dizkiote UPD eta PP alderdiek. Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak «lotsagarritzat» jo du saria Sarrionandiari ematea. Haren ustetan, «terrorismoaren biktimak eta euskal gizarte demokratikoa gutxiesten eta iraintzen dituen oker politiko larria da».

PPko Carlos Urkijo legebiltzarkideak sariaren inguruko balorazioa egitea eskatu dio Lopezi. «Penagarria» deritzo Jaurlaritzak ETAko kide bat saritzeari, eta Euskadi sarietako epaimahaiaren erabakiaz zer iritzi duen galdetu nahi dio. «Jaurlaritzari saria egokia iruditzen zaion jakin nahi dugu, eta, hala ez bada, ea neurriak hartzea aurreikusi duen hau berriro gerta ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.