Euskal antzerkiaren portua

Lekeitioko 23. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak Euskal Herriko antzerkian jarriko du ikusmira ostiraletik igandera bitarteanLuc Amoros talde frantziarra izango da aurtengo apusturik sendoena

Lekeitio kale antzerkirik berritzaileenaren portua bihurtuko da asteburuan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Lekeitioko 23. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak (Bizkaia) euskal antzerkian jarri du ikusmira aurten. Euskal Herriko kale antzerkiaren portua izatearekin batera, urtero bezala, jaialdiak Europako kale antzerkiaren erakusleihoa izan nahi du, eta zenbait herrialdetatik hainbat talde ekarriko ditu ostiraletik hiru egunez. Orain 23 urte sortu zenetik egin duen legez, aurtengo jaialdiak «zirrara sortzea, garaikidetasuna eta urratzaile izatea» bilatuko du. Besteak beste, Luc Amoros talde frantziarra, Industrial Teatrera eta Trifaldo katalanak eta Euskal Herriko Gaitzerdi Teatro, Teatro Salitre, Teatro Mutante, Hortzmuga Teatro eta Matrioska antzerki konpainiek beren azken lanak antzeztuko dituzte herriko kale eta plazetan. Aurtengoan, herriko antzerki taldeek ere leku nabarmena izango dute, eta Lekittoko Deabruak konpainiak Lekeition ekoitzitako lehen correfoc ikuskizuna aurkeztuko du. Aurrekoetan bezala, antolatzaileek 30.000 ikusle inguru espero dituzte.

«Hodei guztien azpitik eta krisialdi guztien gainetik, Europako kale antzerkigintzarik hoberena, euskal ekoizpenik deigarrienak eta Lekeitiok berak plazaratuko dituen artelanak ditugu jaialdiaren hiru zutabeak», azaldu dute antolatzaileek. Zutabe horietan sendoena izango da euskal antzerkia. Urtero leku nabarmena izaten badu Lekeition, aurten are eta toki nabarmenagoa izango du, eta euskal konpainiek osatuko dute programaren muina. Gaitzerdi Teatrok Hans Christian Andersenen Hansel eta Gretel eta txokolatezko etxetxoa ipuinaren bertsio librea antzeztuko du Suz bere azken lanean. Salitre Teatrok eta Teatro Mutantek, berriz,clown ikuskizun bat ekarriko dute: Amor ciego. Umorea oinarri izango dute Hortzmugaren Libertia txotxongilo ikuskizunak eta Matrioskaren Motel Matrioska lanak.

Horrez gain, Lekeitioko antzerki talde bik ekoitzitako lanak ikusi ahalko dira jaialdian. Lekittoko Deabruak konpainiak eta Karkabia kultur elkarteko Emakumeak Sortzen esperimentazio taldeak beren lanak plazaratuko dituzte. Lehenengoek Herrialde Katalanetako Correfoc ikuskizuna antzeztuko dute, Lekeitioko Mingorri pertsonaia mitologikoaren istorioa kontatuz. «Herrialde Katalanetatik hainbat urtetan etorritako suzko kalejirak dira correfoc-ak; lekeitiarrek, beti harriturik horiekin, nahi izan dute bere egin, eta hor dago Lekeitioko lehen correfoc-a», argitu dute antolatzaileek. Emakumeak Sortzen esperimentazio laborategiak, berriz, Nire Nia baino ez dut, antzezlanean emakumeak eta kartzelaren gaia jorratuko du.

Sutondo garaikidea

Luc Amoros talde frantziarrak elikatuko du Lekeitioko sutondoa: «Haiek diote denok behar dugula leku bat istorioak kontatzeko. Haiek, baina, istorioak kontatzen dituzte oso modu berezian eta garaikidean; aldamio handi batzuetan eta musikaz, kantuz, idatziz eta pintatzearen bitartez, zenbait istorio kontatuko dute», azaldu dute antolatzaileek. Luc Amoros taldeak formatu handiko obra plazaratuko du Lekeition. Konpainiak bira txikia egingo du egunotan Bizkaian eta Bilboko eta Lekeitioko kale antzerki jaialdietan izango da bere ikuskizuna aurkezten.

Zirkua, txotxongiloak, musika eta arte plastikoak uztartuko ditu D'Ailleurs talde uruguaiarrak. 1994tik Parisen egoitza du konpainiak, lehen aldiz izango da Euskal Herrian eta poesiarekin loturiko hiru ikuskizun ekarriko ditu.Zanguango talde espainiarraren La mecanica de las naranjas ikuskizuneko protagonistek, berriz, herriko plazan jarriko dute beren bizitokia.

Herrialde Katalanetatik etorritako talde bik osatuko dute jaialdiko egitaraua; hala, Industrial Teatrerak bizitzaren zikloaren inguruko gogoeta egingo du clown obra baten bidez, De paso, eta Trifaldo konpainiaren L'es 3 antzezlanak umore surrealista ekarriko du. Taldea egungo zirku joera berritzaileen adierazle da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.