Irla bat izango da Leioa lau egunez (Bizkaia). Euskal arte eszenikoei eskainitako irla bat. Euskarazko antzerkigintzari eskainitako lau eguneko zikloa prestatu dute otsailaren 20tik 23ra arte Artedrama Antzerki Laborategiak, Kultur Leioak eta Leioako Udalak. Elkarlanean. Hirugarren edizioa du aurtengoa Kultur Maratila ekimenak, eta sei lan eskainiko ditu. Euskarazkoak guztiak. Eta horregatik azpimarratu dute jaialdiaren garrantzia antolatzaileek. “Euskaragintzak eta euskaldunok behar ditugu arnasguneak, eta hau da Kultur Maratilak eskaintzen duena”. Sei arnasaldi, izango dira orotara: Dxusturi teatroaren Konpota lana, Asier Zabaleta dantzariaren NAN ikuskizuna, Ttanttaka taldearen Zazpi aldiz elur, Jabi Barandiaran aktorearen Pepino ustelak (hozkailuan) bakarrizketa, Mixel Etxekopar eta Francois Rosse musikarien Transhumantzia emanaldia, eta Gabrielen lekua sentikaria.
Apustua argia da Ander Lipus Artedramako kidearen ustez. Irmo azaldu du bere iritzia: “Ni konbentzituta nago euskal arte eszenikoetan kalitate oso onekoak direla”. Eta kalitate horri erakusleiho bat eskaintzea da orain jaialdiaren asmoa. 25.000 eurokoa da aurrekontu osoa horretarako. 6 eta 12 euroren artekoa izango da sarrera bakoitzaren prezioa, baina izango da saio bat baino gehiago ikusteko aukera eskaintzen duten bonuak erosteko ere. 30 eurokoa izango da jaialdiko osorakoa, 12 eurokoa bi saio dituzten egunetakoak.
Orain hiru urte jarri zuten abian ekimena, eta indartzen doa eskaintza antolatzaileen hitzetan. Ekainean egin zuten lehen jaialdia, eta aitortu dutenez ez zuten jende gehiegi biltzerik lortu. Bigarren edizioa otsailean egin zuten, ordea, eta nabarmen egin zuen gora harrerak. Eta apustu horri eustea erabaki dute orain horregatik. Antzerki klasikoaz gain, arlo esperimentalagoari ere ateak zabaltzera erabaki dutela azaldu du Lipusek. Jaialdiaren parte dela hori ere: “Horrek ere ematen dio izaera berezia Kultur Maratilari”.
Oier Guillan idazleak idatzi du aurtengo edizioaren aurkezpen poema: “Sartu isiluneen epelera/ sortu!/ astindu posibleen mundura doan/ maratila”. Iaz, Jon Gerediaga idazleak egin zuen aurkezpen testua.
Zubi egitasmoa
Ez da Maratilarena gaur aurkeztu duten euskal antzerkia sustatzeko ekimen bakarra. Euskarazko sorkuntza eszenikoa sustatzeko Zubi egitasmoaren aurtengo deialdia zabalik da gaurtik aurrera. Gaur bertan hasita aurkeztu ditzakete konpainiek beren proiektuak. Www.zu-bi.com web orrialdean ageri dira bete beharreko baldintzak. Saritutako proiektuak kostuaren araberako laguntza jasoko du, eta horrez gainera, ekimena sustatzen duten zortzi herrietako antzerki zikloetan emanaldi bana eskaini ahalko du. Leioa, Elorrio, Durango, Zornotza, Donibane-Garazi, Luhuso, Aulesti, eta Zumaia dira herri horiek. Maiatzaren 16an amaituko da proposamenak aurkezteko epea.
Dxusturi teatroa konpainiak aurkeztutako Konpota antzezlanak jaso zuen saria iaz, eta hori da Leioako Kultur Maratila ekimenean eskainiko duten lehen lana. Philippe Gaulier antzerkigileak idatzi zuen lana, Antton Lukuk itzuli du, Pablo Ibarluzeak zuzendu, eta Eneritz Artetxe aktoreak jokatuko du oholtzan. Otsailaren 20an izango da hori. Eta beste bost pieza izango dira hurrengo hiru egunetan.
Egitaraua
Otsailak 20- Konpota”, Dxusturi teatroa. 20:30ean auditoriumean.
Otsailak 21-NAN, Ertza-Asier Zabaleta. 20:30ean auditoriumean.
Otsailak 21-Transhumantzia, Mixel Etxekopar eta Francois Rossé, 22:00etan, erakusketa gelan.
Osailtak 22-Zazpi aldiz elur, Ttanttaka, 20:30ean, auditoriumean.
Otsailak 22-Pepino ustelak (hoskailuan), Jabi Barandiaran, 22:00etan, erakusketa gelan.
Otsailak 23-Gabrielen Lekua, 20:30ean auditoriumean.