ARTEA

Euskal artearen erreserba

Azken sei hamarkadetako euskal artista nagusien lanak batu dituzte Bilbon, Rekalde aretoan. Ipiña-Bidaurrazaga bilduma partikularrekoak dira pieza guztiak (bideoa: Iñigo Astiz). [Youtube]http://youtu.be/26h0HGaG-WM[/Youtube]

Inigo Astiz
2014ko uztailaren 19a
12:51
Entzun

Euskal arteari eskainitako erreserba moduko bat da Begoña Bidaurrazagaren eta Alberto Ipiñaren etxea. Hormak apaintzeko koadro batzuk erostea bururatu zitzaien orain 30 urte, eta 1950etik gaur egunera arteko euskal sortzaile behinenen piezaz beteta dauzkate orain korridore, egongela eta biltokiak. Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Elena Asins, Eduardo Txillida, Maria Paz Jimenez, Txomin Badiola, Cristina Iglesias, Amable Arias, Xabier Morras, Isabel Bakedano, Maider Lopez... Azken hamarkadetako euskal arteari eskainitako entziklopedia baten barruan paseatzea modukoa da haien etxeko gela batetik besterako bidea egitea. Seiehun pieza baino gehiagoko bilduma horretan murgildu, eta haietariko 89 hautatu ditu orain Xabier Saenz de Gorbea komisarioak Bilboko Rekalde aretoan erakusteko. Aniztasunaren memoria. I/B espedientea izendatu dute erakusketa, eta urriaren 12ra arte egongo da zabalik. Etxean bezalaxe dago bertan Ipiña, eta hauxe esan du, umorez: «Ahal banu, hementxe egingo nuke lo gauero».

«Euskal arte garaikideko bilduma berezienetariko bat da hau». Saenz de Gorbearenak dira hitzak. «Oso era berezian joan dira interes artistiko handiko pieza sorta metatzen, inolako diziplinatara itxi gabe, eta arlo guztietara zabaltzen». Eta bilduma hain zabala izanik, Rekalderako egindako hautaketa hautaketa posible guztien artean bat gehiago baino ez dela zehaztu dute aretoko arduradunek. Saenz de Gorbearen hautaketa, zehazki. «Ibilbideak parean proposatzen ditu Ipiñaren eta Bidaurrazagaren abentura estetikoa eta gure testuinguruko artearen historiarena».

Ordenan aurkeztu nahi izan ditu piezak Saenz de Gorbeak, eta garai eta estiloaren arabera elkartu ditu. Hamar multzotan. gerraosteko 1950eko margolarien lanekin hasi, eta egungo artistarik esanguratsuenekin amaitu. Besteak beste, Mari Paz Jimenez, Julio Beobide eta Ricardo Tojarekin hasi, alegia, eta Asier Mendizabal, Maider Lopez, Carlos Irijalbarekin bukatu.

Basterretxearen omenez

Nestor Basterretxea artistari, gaur zortzi hil baitzen, eskaini nahi izan diote erakusketa bildumagileek eta komisarioak. Horregatik hautatu dituzte 90 artelan. Orain ikusgai dauden 89ak, eta abuztuan helduko den Ibon Aranberrirena. Hain zuzen ere, adin horrekin hil delako Bermeoko sortzailea. Haren bi eskultura ere jarri dituzte ikusgai, gainera, erakusketako bigarren aretoan; euskal eskolari eskainitakoan, zehazki. Mugimendu hartan kide izan zituen artista zerrenda ikusgarriaren erdian ageri da Basterretxearena. Oteizaren pietate txiki baten aurrean, Jose Antonio Sistiagaren eskuz margotutako zeluloidez egindako film proiekzio baten ondoan, eta Txillidaren marrazki baten eta Rafael Ruiz Balerdiren koadro baten alboan, besteak beste.

Bereziki nabarmendu du areto horren kalitatea Saenz de Gorbea komisarioak. «Bidaurrazagaren eta Ipiñaren bildumak nabarmen gainditzen ditu gertuko zenbait erakundek duten garai hari buruzko kontakizuna».

Uste baino pluralagoa

Zehaztapena egin du komisarioak gero. «Giroa uste baino pluralagoa zen». 60ko hamarkadan euskal eskoletan parte hartu ez zuten egileei eskaini die erakusketako hirugarren atala, eta, besteak beste, Xabier Morras, Koldo Ameztoi, Dario Villalba, eta beste hainbat artistaren lanak daude hormetan. Jose Ramon Anda eta Elena Asinsen piezak bildu ditu Geometria berriak izeneko gunean, Esther Ferrer, Cristina Iglesias eta hasierako Txomin Badiola elkartu ditu bosgarren aretoan, eta autoerretratuei ere eskaini die gune bat.

Argia da komisarioaren multzokatze saioa erakusketan. Erdi belaunaldika eta erdi gaika hautatu ditu lanak. Neoespresionismoak eta transbangoardiak izendatu du seigarren gunea, Geometria ahulak zazpigarrena, Begirada kezkagarriak hurrengoa, eta Arte proiektuala izeneko gunearekin itxi du ibilbidea. Hor bildu ditu erakusketako sortzailerik gazteenak, eta Txuspo Poyo artistaren bideo bat aukeratu du bisitaria agurtzeko: Tiempos hostiles (Garai latzak).

Ez da Ipiña-Bidaurrazaga bilduma erakusten duten lehen aldia. Aurrez, 2010ean 53 pieza utzi zituzten Gasteizko Artium zentroan, eta 2011n beste erakusketa bat osatu zuten bildumako piezekin Donibane Lohizunen (Lapurdi). Jean-François Larralde izan zen ordukoan komisarioa. Bereziki pozik daude oraingoan bildumagileak Bilbokoarekin, halere. Etxean dituzten piezekin orain arte egin duten handiena da, eta baita zabalena ere.

Gertuko izan dituzte beren bildumara gehitutako artistetariko asko, eta batzuk erakusketaren aurkezpenean izan dira. Esker ona azaldu diete bildumagileek denei. «Oso eskuzabalak izan dira artistak beti gurekin». Bildumagileek artistei eskainitako laguntza ere izan du gogoan Saenz de Gorbeak. «Lanean jarraitzeko bidea eskaini diete, azken finean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.