Euskal dantzen gaineko margolanak bildu ditu Victor Sarriugartek

Artistak folklorearen plastikan oinarritutako erakusketa jarri du ikusgai Abokatuen Elkargoan, Bilbon

Erredakzioa
Bilbo
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Victor Sarriugartek (Bilbo, 1944) urteak daramatza berak «arbasoen euskal arima» gisa definitzen duena margolanetara eramaten, «milurteak dituen herri batenerrituzko folklorearen plastika» pinturarako berreskuratzen. Artea eta margolaritza ulertzeko modu horren lagin zabala jarri du ikusgai egunotan Bizkaiko Abokatuen Elkargoan, Bilbon. Erakusketa uztailaren 20ra egongo da irekita.

Ikusgai jarri dituzten obretan euskal dantzak eta euskal dantzen inguruan eginiko irudikapenak dira ardatz; baina, betiere, pertsonak, emakume, gizon eta umeak, dira kolore biziko lanen protagonistak.

Sarriugarte 17 urterekin hasi zen margotzen, bere kasa, eta «ez kopiatzeko» barne aginduari jarraikiz. Parisera gaztetan eginiko bidaia batean ezagutu zituen gertutik inpresionismoa, Kandinskiren arte abstraktua eta Picassoren kubismoa, eta margolaritzatik haratago, bestelako korronte poetiko batzuekin ere harremanetan izan zen.

Hainbat arte joerarekin topo egitean, «zalantza» sortu zitzaion hartu beharreko norabideaz, eta «oinarrian egiazkoa» dena egitearen aldeko hautua egin zuen. Hortik aurrera, arbasoen euskal arima deitu duen hori berreskuratu eta zabaltzeari ekin zion. Horren barruan kokatzen dira euskal dantzen ikonografiari lotuta egin dituen hamarnaka koadroak.

Sarriugartek batik bat margolaritza landu du, baina eskulturgintzaren alorrean ere hainbat lan egin ditu; hala nola Ixatxak, La escarabillera eta Los lazos del deporte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.