zinema

Euskal film laburrak, mundura

Etxepare Institutuak eta Euskadiko Filmategiak lankidetza hitzarmena sinatu dute.

2011ko apirilaren 29a
13:54
Entzun

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, filmategiak Donostian duen egoitzan, eta helburua Kimuak programaren bidez "euskal film laburrak munduan zabaltzea" da. 

"Euskal zinema ardatz oso garrantzitsua da euskal kulturaren nazioarteko sustapenean, eta hala izaten jarraitu behar du", adierazi du Fernandezek. "Etxepare Institutua sortzen ari den sareak aukera bat izan behar du Kimuak programarentzat eta, era berean, Kimuak programa karta bikaina bihur daiteke Etxeparerentzat".

Aizpea Goenagak Euskadiko Filmategiaren lana goraipatu du. "Bide luzea egin du azken urteetan; berak sortu zuen munduan eredu den Kimuak programa. Horrek gure zinemagile eta sortzaileei ate asko ireki dizkie munduan. Hainbat eta hainbat zinemaldi eta aretotan ikusi dira gure herriko talentuek eginiko film laburrak, eta horiei esker Euskadi munduratuz joan da. Guk, hitzarmen honi esker, orain arte egindakoari bultzada eman nahi genioke, egindakoa indartuz".

127.000 euroko laguntza aurten

Hitzarmena 2011ko abenduaren 31ra artekoa da, Etxeparek Euskadiko Filmategiari 127.281 euroko laguntza emango dio. Diru hori Kimuak katalogoak osatzeko, merkatu profesionaletara joateko, eta zinemaldi eta antzeko ekitaldietan parte hartzeko bideratuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.