Euskal Herria, Brasilgo artista baten begian

Fernanda Morais hautatu du Bitaminek artisten erresidentzia programaren lehen ekitaldirako

Juan Luis Zabala
Irun
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Bitamine Faktoriak Fernanda Morais Brasilgo artistaren hilabeteko egonaldiarekin abian jarriko du nazioarteko artisten erresidentzia programa. Moraisek bere azken bideo instalazioan birformulazioaren inguruan egin duen gogoetak bultzatu ditu bereziki Bitamineko arduradunak haren aldeko hautua egitera. Morais Hendaian biziko da hilabetez, uztaila bitartean, bertako familia baten etxean —Bitaminekoek sare edo poltsa bat osatu dute, artistak hartzeko pronto dauden etxeena—, eta Bitamine izango du lantoki, aurretik emandako gai bat jorratzeko, berak nahi dituen teknikekin, berak nahi duen ikuspuntutik eta berak nahi duen tonuarekin: Euskal Herria.

Fernanda Moraisek Euskal Herriko jendea, ohiturak eta eguneroko bizimodua ezagutuko ditu Hendaian bizi eta Irunen lan egingo duen hilabeteko tartean, eta horretan oinarrituko du Bitaminen egingo duen lan artistikoa. Lan horren emaitza Bitamine Faktorian eta Euskal Herriko beste hainbat gunetan egindako erakusketen bidez ezagutaraziko da gero, uztailetik aurrera.

«Birformulazioaren inguruan» egiten du lan Fernanda Moraisek, «lehendik baden zerbaiti forma berria ematearen inguruan, eta eguneroko bizitzako adibideetan oinarritzen ditu bere teoriak; haur jolasetan, adibidez», Helga Massetanik azaldu duenez, Bitamine Faktoriaren izenean.

Hetereotopiaren bidetik

Massetanik dioenez, lortzen du «ikusizko emaitzak erabateko gaurkotasuna» duen gai batekin bat egin dezan: sareak, konexioak, gure hiri, gizarte eta kultura sistemen heterogeneotasuna. Michel Foucaultek egungo hiri garaikideaz mintzatzeko ezinbestekoa den hitza plazaratu zuen: hetereotopia; mundu garaikidearen espaziorik berezkoena. Gaur egun, bizi garen espazioa lekuen eta harremanen espazio heterogeneo bat da. Bata bestearen bidez ezin laburbildu diren eta bata bestearen gainean ezin jarri diren espazioak diseinatzen dituen harreman sare baten barruan bizi gara. Hetereotopia kontzeptua, «lekuen eta harremanen espazio heterogeneo gisa ulertua», funtsezkoa da gure egungo bizimoduaren arlo guztietan», Massetaniren iritziz.

Artisten erresidentzia programaren barruan, urtero artista bat ekartzeko asmoa dute Bitamine Faktoriaren arduradunek, beren gunean hilabetez lan egin dezan, Fernanda Moraisek orain egingo duen bezala. Aurten, lehen ekitaldian, Hego Amerikan egin dute Bitamineko arduradunek erresidentzia programarako deialdia —40 urtetik beherako artistentzat—, baina, ondorengo ekitaldietan, asmoa dute programaren deialdia beste herrialde batzuetara zabaltzeko.

Bitamine Faktoria «arte garaikidea ekoiztera eta zabaltzera bideratutako espazio pribatu bat» da, Irungo Olaberria auzoan kokatua, eta zazpi lagunek sortu, kudeatu eta finantzatua: Elke Roloff, Patricia Gomez Rojo, Laura Estevez Baz, Ainara Oskoz, Miren Gonzalez Goikoetxea eta Helga Massetani.

«Artistentzako leku bat da, batez ere, Bitamine Faktoria, baina, oro har, gizarte osoarentzakoa ere bada», Massetanik azaldu duenez. «Diziplina eta jatorri geografiko askotako artisten lanak garatzen dira hemen, eta, batez ere, berrikuntza, sormena eta esperimentazioa balioesten dira».

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.bitamine.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.