Euskal Herrian ekoitzitako 11 film labur emanez hasi da Bilboko Zinebi jaialdia

Mundu osoan egindako 3.000 film labur eta dokumentalen artean hautatutako 73 emango ditu ostirala bitarte

Bilbo
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Datorren ostiralera bitartean, Zinebik mundu osoan egindako film dokumental eta film labur hautatuak ikusteko parada emango die ikus-entzuleei. Urtean zehar, 3.000 filmetik gora jaso ditu eta horietatik 73 aukeratu lehiaketako sekzio ofizialean parte hartzeko. Aurten euskal sortzaileen kopurua aurreko urteetakoa baino handiagoa da. «Jaso ditugun Euskal Herriko filmen kalitatea benetan ona izan da. Horregatik, inoiz baino gehiago sartu ditugu nazioarteko lehiaketan», azaldu du Ernesto del Rio Zinebiko zuzendariak.

Euskal Herrian ekoitzitako 11 film eman zituzten atzo arratseko emanaldian: Jon Garañoren Urrezko eraztuna (80 egunean zuzendu zuen Jose Mari Goenagarekin), Kirmen Uriberen izenburu bereko poeman oinarritua; Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun, Kimuak egitasmorako hautatua dute dagoeneko; Haritz Zubillagaren She's Lost Control, etsita dabilen andrazko baten istorioa; Galder Gaztelu-Urrutiaren La casa del lago thrillerra, Martxelo Rubio eta Joseba Apaolaza aktore nagusi dituela egina; Roberto Castonen (Ander film luze ezagunaren zuzendaria) Errudun sentitzen naiz; Ivan Casoren Muy cerca, Landetan filmatua; Javier Etxaniz eta Gregorio Muroren Por los camareros; Jose Muniain zinemagile bilbotarraren December; Roberto San Sebastianen Agujero; Jon Aitz Urrutxiren Una última bala; eta Niko Vazquezen Cuatro estaciones.

Jaialdiarentzat, areto berriak

Aurtengo emanaldi eta jarduera gehienak leku berrian izango dira: Golem zine aretoetan eta Alondegiko auditorio nagusian. Ziklo aipagarrien artean daude Luc Moullet zinemagile, irakasle, kritikari, saiakeragile eta idazle frantsesaren lanari eskainitakoa eta gutxi ezagutzen den zinema palestinarrari buruzkoa. Xabier Elorriagak jaso zuen atzo lehen Mikeldi saria eta bigarrena Liliana Cavanni zinegileak hartuko du 18an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.