Kultura

Euskal Herrira etortzekoa da Sarrionandia

"Tramite batzuk" falta badira ere, parte hartuko du Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan, hizlari gisa. Erbestean eman ditu azken 29 urteak; 1985ean, Martuteneko espetxetik ihes egin zuen, eta ordutik ez da bueltatu sorterrira. 

Joseba Sarrionandia, Martuteneko espetxean, 1985ean. BERRIA
Oihan Vitoria.
2014ko uztailaren 10a
12:03
Entzun

Joseba Sarrionandia (Iurreta, Bizkaia, 1958) euskal idazle oparo eta ezagunetako bat da. ETAko kide izatea leporatu zioten, eta urteak egin zituen espetxean. 1985ean, baina, ihes egitea lortu zuen, Iñaki Pikabearekin batera. Imanol kantariak Martuteneko kartzelan (Donostia, Gipuzkoa) emanaldia eskaini zuela aprobetxatuz, bafle batzuen barruan ezkutatuta irten ziren. Erbesteratzea erabaki zuen Sarrionandiak, eta geroztik ez da itzuli. 

Alabaina, kanpotik ere hamaika lan plazaratu ditu: besteak beste, poesia, narratiba, saiakera, umeentzako literatura, komikia eta itzulpenak jorratu ditu. Hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte haren idatziak, eta sari franko jaso ditu. Espainiako Kritikaren Saria da horien artean esanguratsuena. Sarrionandiak bi alditan irabazi du sari hori euskarazko narratiba kategorian: 1986an, Atabala eta euria nobelari esker; eta 2001ean, Lagun izoztua lanagatik. 2011n, halaber, Euskadi literatura saria eskuratu zuen, Moroak gara behelaino artean? saiakerarengatik. 

Hitzaldi itxiak

Idazleak gonbita onartu izana pozarren hartu dute EKT Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren antolatzaileek. Jakinarazi dute, ordea, oraindik "tramite batzuk" falta direla Sarrionandia Euskal Herrira bueltatuko dela baieztatzeko. Antolatzaileen intentzioa da haren eskolak aurrez aurrekoak izatea, eta hori lortzeko ahaleginean dabiltza. Halere, arazo burokratikoek Sarrionandiaren etorrera eragotz dezakete.

Bi urtean behin ematen ditu graduondoko eskola hauek Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak —Eskoriatzan eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) dauzka campusak—. Azkena 2012ko urriaren 3tik 2013ko ekainaren 5era bitarte egin zuten. Ikasturte honetan saio bakarra egingo dute hilean, trinkoa; larunbatean 09:00etan hasi eta igandean 17:00etan bukatuta. 

Aurreko edizioetan ez bezala, ikasle eta hizlariak hileko asteburu batean baino ez dira elkartuko. Otorduak ere bertan egin ahalko dituzte, eta behar dutenek lo egiteko lekua edukiko dute. Hizlari eta ikaskideen arteko hartu-emana sakontzea nahi dute horrela antolatzaileek. Hilero gaiarekin lotura estua duen pertsona bat arituko da hizlari lanetan. Bosgarren aldia du aditu tituluak, eta, hain justu, gaur ireki dute matrikulatzeko epea

Ibarretxe eta Egiguren ere bai

Julen Arexolaleiba EKTko koordinatzaileak Goiena-ri aurreratu dio aurtengo gai ardatza "euskal nazio kulturalaren aurrerabidea" izango dela eta Sarrionandia ere horri buruz mintzatuko dela. Bi saio eskainiko ditu: "Kanpotik gure herria nola ikusi izan duen eta aurrera begira nola ikusten duen, batetik; eta, bestetik, euskal literatura azken hamarkadetan, zer eman duen eta zer erronka dituen".

Urritik aurrera hasiko dituzte eskolak, eta hitzaldiak itxiak izango dira; soilik aditu tituluan izena emana dutenek jarraituko ahalko dute hizketaldia zuzenean. Halere, Sarrionandia ez da parte hartuko duen bakarra. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Jesus Egiguren PSE-EEko burua ere ariko dira. Biek Euskal Herriaren etorkizun politikoa izango dute mintzagai. Graduondoko koordinatzaileek aurrerago jakinaraziko dituzte gainerako parte hartzaileak. Orotara, euskal kulturaren 50 ordezkari ezagun baino gehiago ariko dira. 2015eko ekainean bukatuko dituzte eskolak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.