Koldo Mitxelena Katedraren hiru biltzarretan antolatzaile aritu da Joseba Lakarra, eta 15 urteotan jasotako ekarpenak eta euskal hizkuntzalaritzak izan duen bilakaera nabarmendu du.
Ze gaurkotasun du Koldo Mitxelenaren lanak?
Gure lana pentsaezina litzateke haren erreferentziarik gabe. Euskal hizkuntzalaritza eratu gabeko alorra zen, eta berak esparrua markatu zuen. Bera gabe, gaur egun ibiliko ginateke kontu zehatz edo anekdotikoekin, eta ez horren azpian dagoen ardatzarekin, alegia: nola egin behar den hizkuntzalaritza historiko zientifikoa. Gauzak egiteko modua aldatu zuen, beraz, eta etengabe ahalegintzen gara bere gauzak hobetzen, zuzentzen, gehitzen, baina beti, jokorako laguna, lan hori duzu.
Euskal hizkuntzalaritzaren oinarriak jarri bai, baina atzerrian, erreferentzia da?
Bera izan zen hizkuntzalaritza indoeuroparraurrekoko lehen katedraduna Espainian, urte askoan gainera. Esan behar da bestalde metodo konparatzaileari egin zaion ekarpenik garrantzitsuena Andre Martinetek eta Mitxelenak egin zutela, eta hori atzerrian esan dute, ez hemen. Hizkuntzalaritza historikoko lanetan edonork onartzen duen aztarna eta pisua utzi zuen, eta kanpotik datozenek beti aipatzen dute haren zuhurtzia, jakituria, eta ekarpen pertsonala. Duela bost urteko biltzarrean, Lyle Cambpellek, goi mailan jokatzen duen horietako batek, esan zuen: «berreraiketaz hemen egin den lana eredua da munduko hizkuntza isolatu guztien berreraiketerako». Datorrenarengatik etorrita, ez da xurikeria.
Hurrengo urteetako berrikuntza handienak nondik etorriko direla uste duzu? Euskararen ahaidetasunaren ikerketatik? Berreraiketaren ikerketatik? Lekukotasun berrien aurkikuntzari esker?
Aurrerapenak etorriko dira dauzkagun lanabesak erabiltzeko teoriak eta metodoak aurreratzen diren neurrian. Zientzian, jakituria ez da anekdoten bilduma, azalpenen bilduma baizik. Eta azalpenak eman ahal izateko bidea egin behar da. Mitxelenaren lanean ikusten da hori. Inork baino hobeto ezagutzen zuen euskara, eta etorri zen kanpoan ikasitakoa hemen aplikatzeko gogoarekin. Beraz, errealitatearen ezagutza dago alde batetik, eta eskura daukazun teoria linguistikoaren aplikazioa bestetik. Eta, behin eta berriro, bien arteko lotura egin.
Hau da, lana, eta ikerketa. Ez da etorriko aurkikuntza zoragarririk dena aldatuko duenik.
Ez dut uste. 150 hamar urte pasatu dira hizkuntzalaritza historikoa eraiki zenetik, eta guk ez daukagu metodo berezirik.
Joseba Lakarra. Hizkuntzalaria
«Euskal hizkuntzalaritzaren esparrua markatu zuen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu