«Bitxia (eta esanguratsua?) Sinde legeak zein oihartzun gutxi duen euskal twitterblogosferan», dioUmap Twitterreko euskarazko jardunaren batzaileak (eu.umap.eu) atzo arratsaldean jasotako Unai Morazaren tuit batek. Gutxi edo asko den neurtzea zaila da, baina ezin da ukatu gaia oihartzuna izaten ari dela euskarak Internet sarean dituen plazetan; handiagoa Twitterren blogetan baino. Jarrerari dagokionez, berriz, ez dago zalantzarik: legearen aurkakoa da nagusi, kolorerik gabe,erabatekoa da batasuna.
Umapek Twitterreko euskarazko jarduna sailkatzeko bereizitako aurreneko lau gaiak honako hauek ziren atzo arratsaldean: sinde, sindegate, leysinde eta sinderechos. Horrek agerian uzten du gaiaren inguruko mezuen ugaritasuna. Atzemandako mezuak, berriz, askotarikoak ziren: informazio soilekoak, amorru adierazpenak, gaiaren inguruko txantxak eta txisteak…
Nekeza da euskarazko tuit guztien artean legearen aldekorik aurkitzea. Legearen aurkako argudioak, aldiz, askotarikoak dira. «Estekak erakuste hutsagatik webgune bat pirata baldin bada, prostituzio iragarkiak dituzten egunkariak proxenetak dira», dio Gari Berasaluzek atzo berriketan.info sare sozialean utzi zuen mezuak.
Blogetan aipamen gutxi
Euskarazko blogosferan agerpen urriagoak ditu gaiak, baina, formatuak hala eskatzen eta ahalbidetzen duenez gero, mamitsuagoak. Gaiari buruzko informazioa ematearekin batera, iritzia ere argi eta garbi azaldu du Gorka Juliok Teketen blogean (www.teketen.com): «Sinde legeari ez esan behar diogu, gure askatasunak mantendu eta Internet aske batean bizi nahi badugu. Euskaldunok badakigu zer den eskubideen zapalketa, oraingoan informazioaren, kulturaren eta Interneten askatasunaren alde mobilizatu behar gara». «Lege honek nazka ematen du, eta baita honen alde bozkatu nahi dutenek» esanez amaitu du testua.
Jon Abrilek Aralar bere alderdiaren blogean (www.aralar.net) eman zuen legearen aurkako iritzia: «Kultura Ministerioak izendatutako batzorde batek erranen du zer den onargarria eta zer ez interneten. Epaileen gainetik, eurek erabakiko dute eduki batzuk webguneetan jar daitezkeen edo ez. (...) Hori ez da ez egileak defenditzea, ez kultura babestea, ez pirateriari aurre egitea. Hori lobbyak, kultura industria erraldoiak, multinazionalen interesak babestea da».
Zuzeu albistari elektronikoan (zuzeu.com) Sinde Legeari buruzko informazioa hamar puntutan laburbilduta eman du I. Martinezek, baina gaiak ez du irakurleen arteko debaterik piztu.
Deskargen aurkako legea
Euskal internauten artean aurkako jarrera da nagusi
Gaiari buruz Twitterren eta blogetan idatzi dutenek bat egin dute legearen erabateko gaitzespenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu