Euskal kantagintzaren ia bi hamarkadatako testigantza bizia bilduko da Kursaalean

Artola, Valverde eta Urko ariko dira, besteak beste, 'Euskal Herriko lur maitea' kontzertuan, larunbatean

Txomin Artola, Antton Valverde eta Urko, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Garai bateko kantaldien ohitura berriro indartzen ari ote da? Kantaldi haien espiritua berreskuratu nahi du bederen larunbatean Donostiako Kursaalean egingo den Euskal Herriko lur maitea kontzertuak. Elkar eta Kursaal Fundazioak antolatu dute emanaldia, eta 60ko hamarkada amaieratik 80ko hasierara bitartean sortu eta ezagun egindako kantu enblematikoenetako asko entzun ahal izango dira. Honako artista hauek parte hartuko dute emanaldian: Naia Robles, Erramun Martikorena, Gorka Knorr, Txomin Artola, Jean Mixel Bedaxagar, Gontzal Mendibil eta Xeberri, Urko, Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde, Niko Etxart, Antton Valverde eta Xabi San Sebastian bere taldearekin.

Kontzertuaren jatorrian iaz kaleraturiko diskoa dago. Kontzertuaren izen bera zuen, eta Elkarrek eta Radio Euskadik bultzatu zuten 40 kantuz osaturiko CD bikoitza. Era berean, disko hark bi urte lehenago, 2008an, kaleraturiko Gu Gira proiektua izan zuen abiaburu eta ispilu.

Kontzertuari hasiera Antton Valverdek emango dio, iazko abenduan zendutako Xabier Leteri egindako omenalditxoarekin. Kontzertuari buruz antolatzaileek eman duten argibide gutxienetako bat da hori, ekitaldiak izango duen «emozioa» gorde nahi baitute horrela. Anjel Valdes Elkar argitaletxeko musika ekoizpenen arduradunak azaldu du diskoa argitaratu eta gero,«emoziora eta nostalgiara eginiko bidaia horretan», oholtza gainean «ahots horiek guztiak biltzea» izan dela lanik zailena.

Valdesen hitzetan, larunbatean entzungo diren kantuak «berritzaileak» izan ziren, eta gorabehera sozio politiko handiko garai batean «euskal nortasunaren indartzea» eragin zuten.

Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 10 eurotik 24 euro bitartekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.