Pelikulan ikusten den ia guztia ordenagailuz sortua izan da. Orain arte, aurrekontu handietan ikusi izan dugu kroma teknika berritzailea, arestian aipatutako Avatar arrakastatsuan, 300 edo Sin City-n, esate baterako. Euskal produkzio honek teknika bera erabili du, baina horien aldean izan duen aurrekontua askoz ere txikiagoa izan da.
Alegiazko mundu horren barruan benetako aktoreak dira Mystikal-en agertzen direnak. Iban Garate gaztea da protagonista eta harekin batera beste beterano batzuk agertuko dira, ezohiko roletan: Ramon Agirre edo Kandido Uranga, besteak beste.
Angel Alonso pasaitarrak zuzendu du filma. Honakoa bere bigarren lan luzea da. Lehenengoa El ladrón de sueños izan zen, Goya sarietarako hautagaien artean egon zen lana. Joseba Beristain arduratu da musika egiteaz eta abesti nagusiak Donostiako Orfeoiaren parte-hartzea izan du.
Rol istorioen eta bideo jokoen eragin nabarmenarekin, aspaldi batean girotutako istorioa da pelikularen ardatz nagusia. Garai ilun horietako hiru aztik gaizkia garaitzea lortuko dute, eta hura hiru kutxatan sartzea. Batean gerra, bestean gosea eta, azkenean izurritea daude. Hiru aztiek kutxa horiek gorde eta zaindu beharko dituzte, bestela infernuko ateak parez pare zabalduko dira.
Baina azti izateko ikasten ari den ipotx batek, Eldynek, kutxa horietako bat zabaldu eta gerra aske geldituko da. Bere okerra zuzentzeko asmoz, Eldynek bidaia bati ekin beharko dio. Zeregin horretan Fira maitagarria eta Evaristo herensugearen laguntza izanen du.
'MYSTIKAL'
Zuzendaria. Angel Alonso.
Aktoreak: Iban Garate, Savitri Ceballos, Ramon Agirre, Maite Agirre, Kandido Uranga.
Herrialdea: Euskal Herria.
Urtea: 2010.
Iraupena: 90 minutu.
Estreinaldia: Hego Euskal Herrian etzi estreinatuko dute.
Zineklubak
'Buried' (Diego Cortes). Bihar, Basaurin, Ibaigane zineman, 20:00etan eta 22:00etan.'The Social Network' (David Fincher). Bihar, Durangon, Zugaza zineman, 20:30ean.
'80 egunean' (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga). Bihar, Elgoibarren, Herriko Antzokian, 21:30ean.
'Mal día para pescar' (Alvaro Brechner). Bihar, Oñatin, kultur etxean, 20:00etan.
'Louise-Michel' (Gustave de Kervern). Bihar, Tolosan, Leidor zineman, 19:15ean.
'Fish tank' (Andrea Arnold). Bihar, Zumaian, Aita Mari zineman, 21:45ean.
'Despedidas' (Yojiro Takita). Bihar, Beasainen, Usurbe antzokian, 21:00etan.
Beste film batzuk
'Neds'
Zuzendaria: Peter Mullan. Aktoreak: Conor McCarron, Gregg Forrest, Joe Szula, Peter Mullan, Mhairi Anderson, Gary Milligan. Herrialdea: Britainia Handia. Urtea: 2010. Iraupena: 124 minutu.Azken Donostiako Zinemaldiko irabazle garbia izan zen film britainiarra; Urrezko Maskorraz gain, Conor McCarron gazteak aktore onenaren saria irabazi zuen. Zuzendari lanetan Peter Mullan aktoreak egin duen laugarren film luzea da Neds, 70eko hamarkadako Glasgown girotutako drama sozial gordina. Urte horietan ez zen giro Eskoziako hirian, gazteen arteko liskarrak eta borrokak eguneroko ogia ziren. Testuinguru horretan, John McGill bide zuzenetik joaten ahaleginduko da; eskolan ikasle saiatua da eta hortik kanpo arazotan ez sartzeko asmo sendoa du. Baina azkenean, inguruko bortizkeria bera baino indartsuagoa izango da, eta McGillek beste muturrera egin eta hiriko alderdirik basatiena ezagutuko du.
'Megamind'
Zuzendaria: Tom McGrath. Herrialdea: AEBak. Urtea: 2010. Iraupena: 107 min.Hasia da Gabonetako kanpaina, animazio pelikulentzako garai ezin egokiagoa. Disneyk berea prestatu badu, gauza bera egin du Dreamworks ekoizetxeak. Madagascar film sortarekin ezagun egin zen Tom McGrathen eskutik, Megamind superheroien generoaren parodia da. Urtetan Megamind Metro City hiria mendean hartzen saiatu da, baina ezin izan du, Metro Man superheroia aurrean izan duelako. Halako batean, Megamindek Metro Man hilko du eta, etsairik gabe, bere helburua lortuko du. Baina dena aspergarri egiten hasiko zaio. Hori dela eta, superheroi perfektua sortzea erabakiko du, Titan erraldoia. Baina behin sortuta, Titan bere kabuz hasiko da jokatzen; ez du superheroi izan nahi eta mundua suntsitu nahi du. Megamindek sortutako izakiaren kontra nola egin hasi beharko du pentsatzen.
'The Chronicles of Narnia: The Voyage of the Dawn Treader'
Zuzendaria: Michael Apted. Aktoreak: Ben Barnes, Skandar Keynes, Georgie Henley, William Moseley, Anna Popplewell, Eddie Izzard. Herrialdea: AEBak Urtea: 2010. Iraupena: 105 minutu.Zarata handiegirik egin gabe, hirugarren atalera iritsi dira Narniako erresumako abenturak. 2005ean hasi ziren Narniako pelikulak, eta lehen biek Andrew Adamson izan zuten zuzendari. Sailak ez du lortu espero zen arrakasta eta urteroko maiztasuna izan ordez, hainbat etenaldi izan ditu filmen ekoizpenak. C. S. Lewis idazleak sortutako mundu fantastikoaren hirugarren honetarako eskarmentu handiko zuzendaria aukeratu du ekoizetxeak, Michael Apted. Edmund eta Lucy Pevensie anaia-arrebak eta Eustace lehengusua espaziontzian Mirazek kanporatu zituen zazpi zaldunen bila abiatuko dira. Behin horiek aurkituta, erresuma menpean duen Miraz gaiztoaren kontra egin asmo dute.