Kultura

Euskal letrak literatura psikotropiko bila

Euskal literaturgintzaren gaur egungo jardunaz hitz egin zuten atzo sei euskal idazlek 'Sautrela' saiorako egindako mahai- inguruan. Euskal letren gabeziez eta indarguneez gogoeta egin zuten.

2007ko urriaren 30a
11:27
Entzun
Arantzazu Muñoa

Zertan dira euskal letrak gaur?». Galdera horrixe erantzun zioten atzo Ur Apalategik, Laura Mintegik, Josu Landak, Angel Errok, Eduardo Gil Berak eta Edorta Jimenezek Donostiako Tabako Fabrikan egindako mahai-inguruan. Euskal literaturgintzaren gabeziez eta indar guneez gogoeta egin zuten Hasier Etxeberriak gidatuta, larunbatean emango duten Sautrela saiorako grabazioan.

Apalategik euskal letren balorazio baikorra egin zuen. Haren ustez, orain 18 urte Obabakoak saritu zutenean baino hobeto dago euskal literaturgintza: «Maitasunez begiratzen diot nire etxeko liburutegiari; ez etsipenez , garai batean bezala. Literatura eraikitzeko liburu onak behar dira eta hori badaukagu».

Orain bezala, inoiz ez direla aritu lau belaunaldi aldi berean idazten esan zuen Mintegik. Liburuen ugaritasunarengatik ere baikor agertu zen, baina pluraltasuna falta da, haren iritziz: «Elkarri begira gaude eta kanpoko begirada falta zaigu munduan kokatzeko».

«Plazera» hitzarekin definitu zuen Landak azken urteetako euskal literaturgintzak dakarkion sentipena: «Idazle berriak ere gustura irakurtzen ditut, ez kalitateagatik bakarrik, baizik eta molde propioa dutelako».

Ez duela iritzi argirik azaldu zuen Errok: nolako eguna, halako iritzia izaten duela. Hala ere, euskal literatura beste zerbaiten gehigarri ikusten du, bera euskal literaturarekin bakarrik ez baita ase.

Metafora bat erabili zuen Gil Berak euskal literatura deskribatzeko: «Bere pedalei begira doana», eta Euskal Herrian literatura txarraren eragina beste inon baino handiago ez ote den galdetu zien mahaikideei.

Landarekin bat etorri zen Jimenez, eta euskarazko literatura «ghettoarena eta kolonizazioarena» dela argudiatu zuen: «Idatzi gero eta hobeto egiten da. Baina egiten duguna gure barnerako egiten dugu, ghetto barrurako. Gure hizkuntzak eta kulturak ezaugarri kolonizatuak dituztenez, gure literatura ere halakoa da».

ZILBORRERA BEGIRA, IRAKURLEAK FALTA. Liburuak argitaratzen diren arren, irakurleak falta direla esaten bat etorri ziren idazle gehienak. «Industria sendoa da, baina merkaturik ez dago», azaldu zuen Mintegik, eta hari Jimenezek segi zion berehala: «Gure literatura osasuntsu dago. Baina garrantzitsuak irakurleak dira. Euskal literatura irla txikia da eta horretaz arduratzen direnak gutxi dira. Gerta liteke gurea irakurlerik gabeko literatura izatea».

Irakurle gutxi izateaz gain, euskal literaturan dihardutenak barrura begira aritzen direla kritikatu zuten biek. Mintegiren ustez, liburu gehienak ingurune beretik sortuak dira: «Erdigune handia dago, baina ertzekotasunik ez, ertzekoak kanonen bidez neutralizatu egin baitira». Jimenezen hitzetan, berriz, euskal literatura «ghettoan, endogamian» bizi da.

Esan horiek aurrean, Espainiako eta Frantziako literatura ekarri zituen gogora Apalategik. Haiek ere barrura begira aritzen direla esan zuen, baina horrek ez duela krisia planteatzen. Errori, ostera, ez dio ardura euskal literatura ghettoa den edo ez: «Ni naiz ni, eta irakurri nahi dudana irakurtzeko aukera badut».

Apalategi eta Errorekin bat, mahai-inguruan aipatutako zenbait hitzi egin zion erreferentzia Landak: «Endogamia, emulazioa, ghettoa... Zentzu peioratiboa duten hitz batzuk erabiltzean geure burua gutxiesten dugu. Baina zein literatura ez da bere buruari begira bizi? Zenbait ezaugarri ez dagozkio euskal literaturari bakarrik, munduko literaturari baizik».

Gabeziak gabezia, euskal literaturak duen babesaz jardun ziren jarraian. Mintegi zorrotza izan zen erakundeen jarrerarekin eta «ezjakinak eta mesfidatiak» izatea egotzi zien. Landak berriz, euskal literaturak baduela menpekotasuna argudiatu zuen, eta ez erakundeena bakarrik: «Saltzen diren liburuen erdiak, horiek erostera behartuta dauden erosleek erosten dituzte».

AURRERA BEGIRA ZER? Literatura psikotropikoa egitea da idazleen konpromisoa, Jimenezen aburuz, eta liburuak droga moduan publikatu behar dira: «Izurritea sortu behar dugu literaturak iraun dezan; gure irakurleak kutsatu behar ditugu». Mintegik, aldiz, ez du ikusten bere testuak aldatu beharrik irakurleak harrapatzeko.

Konstante batzuk badaude euskal literaturan Landaren arabera: «Produkzioa, idazle kopurua, kalitatea egonkortu egin dira eta 20 urtez horrek horrela iraungo balu ni pozik nintzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.