Euskal Herriko hamaika musikari, bertsolari eta kantari euren ekimenez elkartu dira Kataluniako gertaerekiko elkartasunez, eta Lluis Llach kantari katalanaren L'Estaca abestiaren euskarazko bertsioa abestu dute. Babesa adierazi nahi izan diote modu horretan Kataluniako herriari: "Zeresan eta ikusmira handia sortzen ari da azken boladan Katalunian gertatzen ari dena. Prozesu katalanaren alde zein kontra egon, ukaezina da begi guztiak hara begira daudela. Euskal Herritik, ordea, begiak ez ezik ahotsak ere Kataluniara bideratu gura izan ditu euskal musikagintzaren esparruko hainbat herritarrek, eurek hoberen dakiten moduan: kantuz eta doinuz"
Bideoan ikus daitezke, besteak beste, Zuriñe Hidalgo, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Iñigito Txapelpunk. Durangoko Landako gunean grabatu dute bideoklipa. L'Estaca abestia 1968an sortu zuen Lluis Llach katanari katalanak, eta Herrialde Katalanetako ikurretako bat bilakatu da, frankismoaren garaian askatasunaren aldeko mezua zabaldu zuelako. Kantuaren euskarazko bertsioa Gorka Knörrek egin zuen 1976an, Xabier Leteren itzulpena hartu eta Agure Zaharra kantua kaleratu zuenean. Abestiak gizarteak elkar hartuta zapalkuntzaren aurka egin dezakeen indarra du ardatz, eta nola pasatzen den borrokarako grina belaunaldiz belaunaldi.
Abesti eta bideokliparen helburua horixe baino ez da –diote oharrean bideoklipean parte hartu dutenek– Kataluniako herriari eta abian jarri duten prozesuari gure elkartasun eta babesa adieraztea. Helburu hori lortzeko, Gure Esku Dago ekimenarekin elkarlanean ari da musikagintzako herritar talde hori, "Euskal Herri osora zabaltzeaz gain, Kataluniara ere gure ahotsak iritsi daitezen.