Ahotsenea Sortzaileen Guneak euskal sortzaileen topaketa bat egingo du Azpeitian, uztailaren 2an eta 3an, «hainbat euskal sortzaileren eskaerari erantzunez». Antolatzaileen esanetan, helburua «ezin garbiagoa» da: «Euskal sortzaileok elkar ezagutu, euskal sorkuntzaren egungo egoera elkarrekin aztertu, eta balizko irtenbideak aurkitzea». Horri buruzko gogoeta trukea egingo dute Sanagustin Kulturgunean.
Parte hartzaileei dagokionez, «euskaraz sortzen duen oro» izan daiteke. «Hitza agerian erabili zein ez, bere burua euskal sortzailetzat daukaten pertsona guztientzat» dira topaketak. «Idazleak, musikariak, aktoreak, bertsolariek, gidoilariak, zuzendariak, dantzariak, margolariak, eskultoreak, irudigileak...». Uztailaren 2an, aurreneko egunean, gaur egungo egoeraren «diagnosia» egingo dute, «nork bere kultura adierazpidetik, norberak bizitakotik». Eguna amaitzeko, berriz, Askarako zikloaren bigarren mahai ingurua antolatu dute, ondorengo galderari erantzuteko: Zergatik ez da ikusgarria euskal kultura hedabideetan? Uztailaren 3an, berriz, beste galdera bati erantzungo diote: Sortzaileok geure burua antola genezake? Antolatzaileen ustez, «kultura ezinbestekoa dugula onartzen dugu euskal herritarrok». Izena eman nahi duen orok, www.ahotsenea. net webgunean aurkituko ditu argibideak.
Euskal sortzaileek gogoeta trukea egingo dute
Azpeitian izango da topaketa, uztailaren 2an eta 3an, eta sorkuntzari buruz hausnartzea da helburuetako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu