kultura

Euskal zinema egunero izango da ikusgai Donostiako Zinemaldian

Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama sail berriari esker, lehen egun bakar batean ematen zutena, jaialdiko bederatzi egunetan emango dute.

2009ko irailaren 2a
16:57
Entzun
Euskal zinemari “presentzia bermatu” eta “beste zinegrafien garrantzia emateko” sortu dute Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama saila, Mikel Olaziregi Donostiako Zinemaldiaren zuzendariaren hitzetan, eta egunero egongo da ikusgai. Hain zuzen, irailaren 18tik 26ra arte izango da Zinemaldia.

Sail berri horrekin, euskal herritarrek ekoitziriko edo eginiko filmeak Zinemaldiak iraungo duen bederatzi egunetan ikusi ahal izango dira. Aldiz, aurreko urteetan egun bakar batean emititzen zituzten guztiak. Gainera, orain arte emanaldi bakar bat egiten zuten; aurten estreinatu gabeak hiru aldiz emango dituzte eta estreinatuak bitan.

“Aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboa” da Olaziregin ustez. Izan ere, aurten euskal zinemaren sailean egongo diren filmeak aurretik aukeratu dituzte. “Lehen, urtean zehar egindako guztiak ematen genituen”. “Nazioarteko prentsa begira” egoten den jaialdia da Zinemaldia eta antolatzaileei beharrezkoa iruditu zaie 30 film baino gehiagoren artean bederatzi aukeratzea; horiek emango dituzte.

Imanol Uriberi saria aurten

Euskal zinemaren arloan ematen duten sariari buruz ere bada berritasunik. Hala, sari bakarra emango dute hemendik aurrera, eta pelikula bat, zuzendari bat… izan daiteke hautagaia. Aurten Imanol Uribe zuzendariak jasoko du Zinemira Saria. Uribe, Burgosko prozesua (1979), Segoviako ihesa (1981) eta Mikelen heriotza filmeen egilea da.

Saria emateko ekitaldia Victoria Eugenia Donostiako antzokian egingo dute. Bertan, Patxo Telleria eta Aitor Mazo zuzendarien La maquina de Pintar Nubes filmea proiektatuko dute, eta une hauetan ekoizten ari diren filmeen aurrerapenak ere emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.