Zinema. Estreinaldiak. Hilberria. Pedro Armendariz

Euskal zinemaren bidelaguna

Inigo Astiz
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Izena ez zuen berea soilik. Aitak ere Pedro Armendariz zuen izena, eta aktorea zen hura ere. Mexikoko zinemaren urrezko aroko erreferente nagusietariko bat, gainera. Semeak arkitekto izateko bidea hautatu zuen, baina aktore egin zen bide horretan. Aitaren zamarik ez omen zuen izan gainean, baina urteetako lanari esker bere egin zuen harena ere bazen izena, eta bere sorterriko aktorerik ezagunenetariko bat bilakatu zen azkenerako. Atzo hil zen, New Yorken, minbizi baten ondorioz.

Jatorri euskaldunekoa zuen familia, eta Euskal Herriarekin lotuta egon da haren lana. Miarritzeko eta Donostiako zinema jaialdietako epaimahaiko kide izan zen behin baino gehiagotan, eta omenaldia jaso zuen 2007an Lapurdin, egindako ibilbideagatik. Hala ere, hil berria den Antton Ezeiza zinema zuzendariarekin izandako elkarlanak bilakatu zuen euskal zinemagintzaren aitzindarietako bat. Mexikon ezagutu zuten elkar, eta bi film errodatu zituzten han, gero euskaraz filmatutako Ke arteko egunak lana egin aurretik.

Mexikon erbesteratuta egon ondoren Euskal Herrira itzuliko den Pedro izeneko protagonistaren rola jokatu zuen Armendarizek orduko hartan. Jakitun zen bere lan hark zuen garrantziaz, 1989an Argia aldizkarian esandakoetan igartzen denez: «Konturatu naiz euskal zinemagintzari laguntzen aritu naizela, euskaraz eginiko zinemagintza esan nahi dut».

1965ean hasi zen aktore lanetan, eta 140 bat film egin zituen, guztira. El crimen del padre Amaro eta La ley de Herodes, adibidez. Hollywooden ere izan zen, James Bond eta El Zorro pertsonaien sagako zenbait lanetan parte hartzen, baina sorterrira bueltatu zen gero. Kexu, bere herriko zinemak AEBetakoarekiko zuen mendekotasuna zela-eta, eta laguntza ofizialen falta zela-eta. Mexikoko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako presidente ere izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.