Eskulturak beti izan du toki berezia euskal artearen barnean. Egurra eta harria zizelkatuz zein burdina landuz, adierazteko modua aurkitu dute euskal artistek aspaldidanik. Bada, bost mendez Euskal Herriko eskulturari ospea eman dioten artisten ibilbidea aztertzen du argitaratu berri den Euskal zizelkariak liburuak. Pimientos argitaletxeak editatu du, eta 16. mendetik hona Euskal Herrian beren maisutasunagatik nabarmendu diren 25 eskultoreren lanak ditu ikusgai.
Ipar Euskal Herrian sortutako eta martxan jarritako ideia izan da. Izan ere, autoreak Michel Jauregiberri, Patxi Laskarai, Gaizka Iroz eta Marc Etxeberri dira. Hiru urtez luzatu da bilduma osatzeko lana: bizirik dauden artistak bisitatu dituzte, eta hilda dauden lanen balioa nabarmentzeko sortu diren erakundeekin —Jorge Oteiza Fundazioa edo Beobide Museoa, besteak beste— harremanetan jarri dira beharrezkoa zuten informazioa eskuratzeko.
Antxietatik Salazarrera
Liburuak 240 orrialde ditu, eta euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez idatzita dago. Jauregiberriren esanetan, edukiak hiru hizkuntzatan aurkeztea «mugak ahazteko» ahalegina da. Testua eta irudia uztartzen ditu argitalpenak, azalpenak osatzeko argazki ugari ere baditu eta. Euskal maisu eskultoreen estiloak eta garaiak alderatzea du xede liburuak, bide batez, ezezagunagoak diren kalitate handiko artisten lana ezagutaraziz. Bildumak proposatzen duen ibilbidea Juan de Antxietarekinhasten da. Haren atzetik, Quintin de Torre eta Julio Beobideren artelanak ikus daitezke, dagoeneko 20. mendearen lehenengo erdikoak. Hamarkada batzuk geroago heldu ziren Oteiza, Txillida edo Basterretxea, eta haiekin euskal eskulturarentzako nazioarteko aitorpena. Santxotena, Garraza eta Dora Salazar dira haien oinordeko, eta euren lanek ixten dute liburua.
'Euskal zizelkariak' lan berriak 25 eskultoreren ibilbide artistikoak batu ditu
Euskal Herriko eskulturak 16. mendetik hona izandako garapena aztertzen du liburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu