Euskaltzaindiak eta BBK fundazioak Resurreccion Maria Azkue literatur lehiaketako sariak eman zituztenatzo eguerdian Bilbon. 11 eta 14 urte bitartekoen artean, Maialen Uriarte gernikarrak eskuratu du narrazioko lehen saria, Ametsa beste amets batean lanarekin. Poesia saileko lehen saria, berriz, eman gabe uztea erabaki dute epaimahaia osatu dutenek, alegia, Yolanda Arrietak, Igone Etxebarriak eta Antton Irustak. Sari horren mailako lanik aurkeztu ez dela nabarmendu du Arrietak, gainontzeko literatur obra sarituen egokitasuna azpimarratzearekin bat.
Narrazio alorrean, Garazi Alegria pasaitarrak eta Edurne Bilbao gernikarrak eskuratu dituzte bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Alegriaren Hiru urte eta Bilbaoren Etorkizuna gurea da lanak saritu ditu epaimahaiak.
Poesiaren atalean, Mikel Kaltzakorta gernikarra eta Aritz Olarte oiartzuarra nagusitu dira. Kaltzakortak bigarren saria lortu du Aitortu, arren obrarekin, eta Olartek hirugarren saria, Naturaren zaindariak poema sortarekin.
15 eta 18 urte bitartekoek aurkezturiko lanak Joseba Butronek, Jabier Kaltzakortak eta Mayi Izak epaitu dituzte. Lehen sariak Amaia Iturriotz gernikarrak eta Asier Badiola pasaiatarrak erdietsi dituzte, Hango hodei bat hemengo zeruan narrazioa eta Dortoken sekretua poemarioarekin.
BBKrekin hitzarmena
Bigarren sariak Elene Etxaniz bergararrak eta Anartz Izagirre azpeitiarrak eskuratu dituzte, Bizitza pintzelkadaka narrazioarekin eta Maiteminduaren koplak olerki bildumarekin. Irati Oregi zumaiarra eta Mikela Atxoarena arrosatarra geratu dira hirugarren narrazio eta poesia arloetan, Angel eta Edan eta edan lanekin.
Euskaltzaindiak eta BBK fundazioak 1958tik indarrean den lankidetza hitzarmena ostera ere berritzeko baliatu zuten atzoko ekitaldia. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mario Fernandez BBKko presidenteak izenpetu zuten ituna, zeinaren bitartez BBK fundazioak 175.000 euro emango dizkion Euskaltzaindiari aurten, dagoeneko bidean diren zenbait egitasmo finantzatzen laguntzeko, hala nola Euskaltzaindiaren Hiztegia, Lexikoaren Behatokia, Erlea aldizkaria eta Azkue literatur sariak.
Euskaltzaindiak Azkue literatur sariak banatu ditu
Maialen Uriarte, Amaia Iturriotz eta Asier Badiola gazteentzat izan dira narrazio eta poesia arloetako sari nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu