Mendeurrena ospatzen ari da aurten Euskaltzaindia, eta, topaketa akademikoetatik harago, kultur ekitaldiak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat sortzailerekin batera. Hala azaldu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. “Euskal hizkuntza eta euskal kultura lotuta daude barru-barrutik, eta, bide horretatik, Euskaltzaindiarentzat beharrezkoa da euskaren bidez egiten den kultura horri lekua ematea mendeurrenaren ospakizunean”. Bost egitasmo prestatu dituzte: Tartean antzerki konpainiak Ghero antzezlana sortu du; Aukeran Dantzan taldeak, Biz Hitza ikuskizuna; Bilboko Koral elkarteak Mende berria kantuz emanaldi ibiltariak egingo ditu; Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Cruz Gurrutxagak aktoreak irakurraldi dramatizatua ondu dute, eta Astelehen eta Astearte Buruzuriak kontzertu zikloak egingo dituzte Bilbon eta Donostian. Ekitaldi guztien berri emateko agerraldia egin dute gaur Bilbon, ikuskizunak prestatu dituzten artistekin batera.
Tartean antzerki konpainiaren Ghero antzerki piezak munduko azken euskaldunaren istorioa du ardatz. 3.000. urtean kokatu du antzezlana Patxo Telleria gidoigileak, eta ospitale batean hilzorian dagoen azken euskaldunaren azaletik kontatu du istorioa. “Komedia solemne” gisa definitu du Telleriak obra. “Barre egiteaz eta hausnartzeaz gain, omenaldia egin nahi genion euskararen iraupenari”. Koldo Mitxelenaren hitzak bere egin ditu gidoigileak; izan ere, hark esana da euskararen fenomenorik harrigarriena ez dela jakitea haren jatorria nondik datorren, baizik eta nola lortu duen irautea. “Guk 3.000. urtean kokatu dugu obra, eta munduko azken euskalduna da protagonista. Distopia batean dago protagonista, hizkuntza bakarra dagoen mundu batean dagoelako”. Hizkuntza aniztasunaren aldeko mezua ere badu antzezlanak. “Orotara, hamabi hizkuntza erabiltzen ditugu antzezlanean, eta horietako batzuk hilda daude jada”. Existitzen ez den hizkuntza bat ere badu piezak, Telleriak aurreratu duenez. Azaroaren 20an estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian.
Aukeran Dantza Konpainiak Biz Hitza izeneko ikuskizuna osatu du. Xabi Payak egin du obraren gidoia, eta, dantzaren bidez, euskararen historia kontatzen du piezak. “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Xalbador bertsolariak esana da hori, baina hizkuntza gorputza balitz? Nola azalduko lituzke gorputz adierazpenak hizkuntzaren bat-bateko jaiotza edo etengabeko bilakaera?” Edu Muruamendiaraz konpainiako koreografoak irakurri ditu Payaren gidoiak gordetzen dituen hitzak. Loraldia jaialdian egingo du Aukeran dantza taldeak piezaren aurkezpena, 2019ko martxoaren 16an, Bilboko Arriaga antzokian.
Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan izeneko irakurraldi dramatizatua egingo dute. Galdera batekin azaldu du Gurrutxagak obraren funtsa. “Zer gertatuko litzateke Martuteneko kartzelan baldin eta Etxepare, Axular... eta beste hainbat euskal klasikoren testuak irakurriko balituzte presoek? Bada, erantzuna gure ikuskizuna da”. Urriaren 4an izango duten lehen emanaldia, Aranzazun (Oñati, Gipuzkoa).
Bilboko Koral elkarteko Euskeria gazteen koruarekin batera, Mende Berria Kantuz izeneko emanaldi ibiltaria prestatu dute, zeinetan euskal taldeen bertsio koralak abesten diren. Euskeriak tokian tokiko koruekin batera kantatuko du.
Bestalde, hamar kontzertu akustiko ere egingo dituzte Bilbon eta Donostian. Amorante, Mice, Petti, Mikel Urdangarin, Nizuri Tazuneri eta Hesian taldeko Zuriñe eta Fran abeslariak izango dira Bilbon. Urriaren 15ean izango da lehen emanaldia; eta astelehenero kontzertu bat egingo dute Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. Astearteetan egingo dituzte Donostian. Urriaren 16an, Amorante izango da Euskaltzaindiak Gipuzkoako hiriburuan duen egoitzan, eta, hurrengo, Mice, Pauline eta Juliett eta Hesian taldeko Zuriñe eta Fran izango dira.