Gipuzkoako Foru Aldundian egin du gaur Euskaltzaindiko sarrera hitzaldia Mikel Zalbide euskaltzain osoak. Pedagogo Batzar Nagusietan. Hizkuntzen azterbideak Iturriagaren argitan izeneko mintzaldia egin du, hain zuzen ere, Agustin Iturriaga (Hernani, 1778-1851) apaiz, pedagogo, euskaltzale eta idazle hernaniarraren inguruan. Gogorarazi du apaiza izanagatik ilustratua eta liberala izan zela Iturriaga, euskaltzalea, eta jende xumearen aldekoa.
Zalbideren hitzaldiari erantzuna, berriz, Henrike Knörr euskaltzainak eman dio, Zerbitzari eta eragile zabala izenekoa.
Arestian aipatu bezala, iaz hautatu zuten Zalbide euskaltzain oso, Euskaltzaindiak apirilaren 27an Urnietan (Gipuzkoa) egin zuen bilkuran, Patxi Altuna zenaren ordez. Jose Antonio Arana Martija, Ana Toledo eta Henrike Knörr euskaltzainek aurkeztu zuten Zalbideren hautagaitza.
Zalbide Donostian jaio zen 1951n. Nafarroako Unibertsitatean egin zituen unibertsitate ikasketak. Industria-ingeniaria da. Egiten dituen hizkuntzak: euskara, gaztelania, alemana eta ingelesa.
Euskarak landu gabe edo landu arin zituen alorretan hasi zen lanean, gaztetan. 1972an, artean ikasle zelarik, Elhuyar elkartearen eta izen bereko aldizkari teknikoaren sortzaileetarikoa izan zen. Zientzia-tekniken alorreko ikasmaterialak prestatzen eta hitz-eraketazko azterlanak bideratzen hartu zuen parte, horrezaz gainera.
1976tik 1978ra bitartean Euskaltzaindiaren matematika-azpibatzordearen kide izan zen.
1978tik 1981era arte, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Institutuaren (UZEIren) zientzia-tekniken alorreko arduradun izan zen. Fisika, Kimika eta Matematika hiztegien prestakuntza-lanean jardun zuen, batetik. Lexiko-sorkuntzarako erabideen aztertzaile eta ikastaro-emaile izan zen, bestalde. UZEIk maileguzko hitzen idazkeraz eta ebakeraz eginiko sistematizazio-lanaren egile izana da, azkenik.
1979tik 1980ra, autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusiak eta Bilboko (gero Euskal Herriko) Unibertsitateak sorturiko Planifikazio-batzorde mistoaren kide izan zen. Unibertsitate alorreko hizkuntza-normalkuntza bideratzeko azpibatzordea sortu zen bertan: euskal kulturarekiko unibertsitate-beharrizanen lan-taldea. Lan-talde horren arduradun izan zen.
1981. urteaz geroztik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean ari da lanean, Euskara Zerbitzuaren buru delarik. Euskarazko eta ele biko irakaskuntza finkatzeko hainbat oinegitura-lanetan dihardu. Batez ere EGA agiriaren, Hezkuntzako HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunen eta IRALE, EIMA eta NOLEGA programen koordinazio-lan teknikoan. Irakasteredu elebidunen osaeraz, ebaluazio-lanaz eta bilakaeraz egindako hainbat azterketa-lanetan eta datu-bilketatan ere jarduna da. Eskola-munduaren euskalduntze-saioa, eta saio horren ikuspegi soziolinguistikoa: hori du bere lanbidearen ardatz, azken mende-laurdenean.
1983. urteaz geroztik euskaltzain urgazle da. Bi eratako langintzatan saiatu izan da bertan: Iker saileko hiztegigintza alorrean batetik, eta Jagon sailean bestetik. Batean zein bestean, bertako idazkari izana da zenbait urtez.
Euskararen Aholku Batzordearen kide izana da, 1982tik 1990ra bitartean. Bertako Batzorde iraunkorreko kide ere bai. Geroztik ere, bertako Geroratzearen Jarraipenerako Batzorde-atalean partaide izana da (1997tik 2001era bitartean).
Irakasleen eta teknikarien prestakuntza-lanean dihardu, bestalde, etenik gabe. Honako esparru hauetan, batez ere:
Prestakuntza linguistikoan. Alfabetatze teknikozko hainbat ikastaro emandakoa da, batetik. Horrekin batera itzulpen-teknikei buruzko prestatze-saioak emanak ditu, zenbait urtez: IVAPeko itzultzaile-eskolan lehenik, eta EHUko itzulpen-ikasketetan gero.
Prestakuntza soziolinguistikoan. Mintzajardunaren gizarte-moldaeraz, luze-zabaleko mintzaldaketaz eta hizkuntza ahulak hezkuntza bidez indarberritzeko saioen zer-nolakoez hainbat ikastaro eta prestatze-saio emandakoa da. Gradu ondoko ikasketei dagokienez, HIZNETen ikastaro-emaile da 2001-02 ikasturtetik aurrera. Horren aurretik, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean eratu zuten gradu ondoko hizkuntza-plangintzako ikastaroetan ere irakasle izan zen.
Prestakuntza soziokulturalean. Curriculumaren euskal dimentsioa (CED) lantzen saiatu da hainbat urtez, eta horri buruzko hainbat saio praktiko eskainiak ditu.
Euskaltzaindiko sarrera hitzaldia egin du Mikel Zalbidek
Iazko apirilean hautatu zuten Zalbide (Donostia, 1951) euskaltzain oso, Patxi Altuna zenaren ordez. Agustin Iturriaga apaiz, pedagogo, euskaltzale eta idazle hernaniarra izan du gogoan sarrera hitzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu