euskara

Euskara batua abiatu zuen maluta

Euskaltzaindia geldi igarri, eta akademia batasunaren alde bultzatzeko abiatu zuen Jose Luis Alvarez 'Txilardegi'-k 1964an Baionako biltzarra. Lehen hazi hura eta haren ostekoak aztertuko ditu BERRIAk gaurtik larunbatera.

Inigo Astiz
2014ko irailaren 30a
18:34
Entzun

Batasun hau bereala egiten ez ba da, euskera hil egingo da». 1963ko abuztua da, eta grafia bateraturik gabe, hitzartutako aditz sistemarik gabe eta adostutako hiztegirik gabe, hilurren deskribatzen du hizkuntza Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k (Donostia, 1929- Donostia, 2012). Ameskeria da oraindik batasuna, eta horregatik aurkezten dio dimisio eskutitza Euskaltzaindiari. Batasunaren alde behartu nahi du akademia euskaltzain urgazleak, baina kale. Jose Mari Lojendio euskaltzainburuak ez dio dimisioa onartzen, eta «hitzez eta luzamenduz asperturik», lana bere kasa hastea erabakitzen du Txillardegik. Ez berak bakarrik, baina bai Euskaltzaindiaren babesik gabe. Euskaltzale talde bat bildu, eta hilabetero egingo dituzte bilkurak Baionako Kordeliers karrikako Euskal Idazkaritza Elkartean. Epika gutxikoa da irudia: kez betetako egoitzan zazpi-zortzi euskaltzale, paper artean, hizkuntzari buruz eztabaidan, harik eta 1964ko abuztuaren 29 eta 30ean bilkura ireki batera deitu eta arau zerrenda labur bat onartzen duten arte. Epika gutxikoa da dokumentua ere: «Goxo, xamur, xede, xekatu eta abar onartzen dira. 'sh', 'ch', '~s' ', '~s~s', eta abar baztertzen dira». Eta, halere, hori da mugarria: hor hasi zen etorkizuna. Orain 50 urte. Euskara batuaren mende erdiko ibilbideari buruzko artikulu sorta kaleratuko du BERRIAk gaurtik larunbatera bitartean, orduko protagonisten eta lekukoen hitzak bilduz.

Iltzatua du gogoan biltzarraren data Jean Louis Davant idazle eta euskaltzainak. Ez kasualitatez: euskara batuaren hazi hura erein zen egunean jaio zen bere lehen alaba. Orain 50 urte, zehatz. Bera izan zen 1963ko azarotik 1964ra bitartean hilabetero egindako bilkura horietan izan zen euskaltzaleetariko bat, eta berak egin zuen abuztuaren 29 eta 30eko bilkurako sarrera hitzaldia. Ongietorria eman, eta ospitalera. Erditze batetik beste erditze batera. Eta pareko hiztegia darabil horregatik bi kasuetarako. «Ez dakit behar besteko garrantzia aitortu zaion Baionako Biltzarrari. Egun ahazten da, eta pentsatzen da dena Euskaltzaindian hasi dela, baina nik ahal dudan guztiz oroitarazten dut bilkura haiek izan zirela eta haurra hor sortu zela, gero Arantzazun bataiatu bazen ere». Zehatz gogoratzen du bilkura haien xedea ere: «Helburua zen hizkuntza nazionala eraikitzea eta bultzatzea. Batua ez zen egin soilik batua egiteagatik; hizkuntza nazionala behar genuen, mugaren gainetik».

Haize kontra zebiltzan, halere. Aurka irudikatzen du euskalgintza Txillardegik bere memoria liburuetan. «Giroa ez zegoen, hitz batez, batere Euskara Batuaren alde ni euskal mundura jaio nintzenean; eta ezta gutxiagorik ere. Eta, oro har, Euskaltzaindia ere ez». Ziurtasunik batere gabe, frankismoaren begirada zorrotzaren pean, sendotasunik gabe, lur jota zegoen akademia 1936ko gerra ostean. Katakonbetan. 1941era arte bilkurarik egin gabea zen akademia, eta 1950era arte gazteleraz egiten zituen saio guztiak. Eta batasunari buruzko batasunik ez, gainera. Atomizatuta giroa: Joanes Leizarragaren euskara eredua defendatzen Federico Krutwig, gipuzkera osotuaren alde Resurreccion Maria Azkueren jarraitzaileak, nafar-zuberera proposatzen Piarres Lafitte... Batzuek bultza, besteek tira, eta, azkenean, Euskaltzaindia geldi. Eta hain zuzen ere gelditasun horixe zitzaion mingarrien Txillardegiri. «Errazago zaio Euskaltzaindiari euskeraren BITXITASUNAZ ari izatea, euskeraren BIZITASUNAZ baiño. Bitxitasunari so egiñik, ordea, bere xedea nahasten du eta lana lardaskatzen».

Diziplina beharra

Baigorrin (Lapurdi) esan zuen Txillardegik kito, 1963ko azaroan, Jean Haritxelhar euskaltzainaren sarrera hitzaldian. Idazlearen hitzetan dator idazlearen mina: «Haritxelharrek baxenabarreraz hitz egin zuen, eta Lafonnek zubereraz erantzun zion. Gezurra badirudi ere, hauxe izan zen ontzat ezin eman genezakeen ostikoa. Sinboloen mailan ere, gure ustez, ospakizun nagusi batean, garbi agertzen baitzen Euskaltzaindiak dialektalismoari eutsi nahi ziola». Horregatik aurkeztu zuen 1963an dimisioa, eta horregatik bultzatu 1964ko biltzarra. Akademia bazterretik akademia batasunera bultzatzeko.

Jakin aldizkariaren izenean izan zen han Joseba Intxausti. Eta, aitortu duenez, paradoxikoa zen bere egitekoa. Proposamen propioa zuen Jakin-ek, eta hura aurkeztera joan zen Baionara, baina misio argia ezarri zion bere buruari aldizkariko zuzendaritzak: aldizkariak bete egingo zuen biltzar hartan onartzen zena. Bete, onartzen zena onartzen zela ere. Bete, baita onartzen zena Jakin-en proposamenaren erabat aurkakoa bazen ere. Intxausti: «Diziplina bat behar zen idazleen artean, konbentzituta geunden horretaz. Ziur geunden hori egin ezean euskara batua ez zela egingo. Eta bestetik argi ikusi genuen ez zirela izango handik eta hemendik etorri eta beren kasa bildutako idazle solteak euskara batuaren gaineko erabakiak hartuko zituztenak. Egunen batean arazo hori Euskaltzaindira eraman beharko zen». Eta Piarres Lafitte eta Piarres Larzabal hautatu zituzten horretarako. Haiek eraman zioten biltzarreko proposamena akademiari. Euskaltzainak biak, Euskaltzaindia Baionarartzearen aldekoak ere bai.

Naturala zen batasunaren aldeko joera Jakin-ekoentzat. Hala azaldu du Intxaustik. «Urte haietan seminarioetako gazteen indarra bildu zen aldizkariaren inguruan. Guk ohitura genuen aldizkarirako lan egiten zuten etxe ezberdinetako gazteei zenbait ohar eta arau emateko. 8 urte betetzera zihoan Jakin, eta premiazkoa ikusten genuen hizkuntza finkatu eta bateratu bat. 1964ko abuztuaren 4an bilera egin eta han hitzartu genuen Baionara eraman genuen proposamena». Eta hor topalekua. Han egin zuten bat eliz munduan zebiltzan euskaltzaleen kezka praktikoak eta kultur hizkuntza nazionala sortzeko nahiak. Euskara eredu bat eskaini zuen Txillardegik, eredu hura zabaldu eta indartzeko azpiegitura Jakin-ek.

Bilera txikia izan zela dio Intxaustik. 29 bat lagun inguru. Egiten du, gainera, bildutakoen deskribapena ere: idazleak, euskaltzaleak, apaizak, kazetariren bat... «Han filologo gutxi egon zela uste dut [barre ozenak]. Euskaltzaleak ginen, batzuk jakitunak, batasuna nahi genuela genekienak eta horretan laguntzeko eta bultzatzeko prest geundenak. Txillardegi, adibidez, Iparraldean zegoen erbesteratua, eta bera ezin zen Hegoaldera etorri. Baina han egon ginenok prest azaldu ginen hango mezua Hegoaldekoen artean zabaltzeko». Propio egin zituzten bilkurako proposamenak, eta argitara ere eman zituzten aldizkarian. Sinatzaileen ohar eta guzti: «Batasunari buruz, euskaltzale guziei erabaki hauek betetzen hasteko eskatzen diegu; eta bereziki Euskaltzaindiari egiten diogu dei bat, bere aipamen guziaz gure erabaki hauek aztertu ondoren onar ditzan». Hasia zuen bidea batuak.

Hanka askoko mahaia

Babesa behar zuen proposamenak, ordea. Hori bazekien Txillardegik, eta babesa bilatu zuen horregatik bilkuretan. «Batzorde 'multi-partido' horietako bat eratu genuen». Biribil nahi zuen mahaia abuztuko biltzarraren aurreko biltzarretan. EAJko bi partaide: Telesforo Monzon eta Jesus Solaun. ETAko bi kide: Eneko Irigarai eta Txillardegi bera. Hiru apaiz: Roger Idiart, Piarres Andiazabal eta Jean Hiriart-Urruti. Eta Enbata-ko ordezkari bat: Davant. Baziren izen gehiago ere, baina horiek ziren ziurrak. Bere adarrekoa bakoitza, baina guztiak mahai beraren bueltan, eta guztiak norabide berean bultzaka.

Baina bazituen ertz eta koxkak mahai hark ere. Amildegi politikoek bazuten oihartzuna kontsentsu linguistikoan. Davant: «Solaun ez zen azken bilkurara etorri, ze 1964ko udan ETAk estrategia gogortu, eta EAJtik urrundu zen are gehiago. Eta Solaun ez zen azken bilkurara etorri. Bazter egon zen, baina Monzon aurrera etorri zen». Eta baziren ertz gehiago ere. «Uda horretan gauzak gogortu ziren, Enbata eta Mixel Labegerieren artean ere bai [Eusko Idazkaritzako lehendakari zen Labegerie orduan]. Guk ez genekizkien gauzak gertatzen ziren. Pentsatzen dut Labegeriek EAJren alde egin zuela. Hori gero sumatu dugu, baina halako urruntze bat izan zuen Enbata-gandik ere». Baionako bilkura amaitu, eta dimisioa aurkeztu zuen aste gutxira. «Ez euskara batuagatik, baina beste arrazoi politiko horiengatik».

Elur bolaren logika

Intxaustik zintzo: «Nik ez dut uste Baionako hark oihartzun handirik izan zuenik, baina irtenbide praktiko batzuk bilatu ziren, eta horrek berehala bere ondorioak izan zituen». Handituz joan zen elur bola baten lehen maluta izan zela, alegia. «Gure aldizkariak hartu zuen bide hori, eta horrek esan nahi du hainbat ikastetxetako gazteek jadanik bide horretatik jarraituko dutela. Gero gizarte zibila sartzen da indartsuago gai honetan, eta Ermuko idazle bilerak datoz gero, 1968an. Baionakoa garrantzizkoa da ez oihartzun handia izan zuelako, baizik eta modu pragmatiko batean proposamen batzuk egin, eta praktikan jartzen hasi zelako, eta gazte eta idazle berriak hor sartu zirelako. Euskal idazle talde egoki batek esan zuen horrekin aurrera joan beharra zegoela, eta erronka txiki bat izan zuen Euskaltzaindiak mahai gainean; erabaki egin behar zuen ea bere eskutik hartuko zuen prozesu hori ala ez. Eta zorionez Euskaltzaindiak erabakitzen du kongresu bat egitea 1968an, baina lehenengo pauso eta iradokizunak kasik-kasik hamar urte lehenagokoak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.