Gipuzkoako Diputazioak gonbidaturik hitzaldia eskaini zuen Partalek atzo Donostian, GI 2.0 Elkarlanean parte-hartze prozesuari hasiera emateko ekitaldian hain zuzen ere. «Kultur politika berri bat» sustatzeko Diputazioak onartutako Gipuzkoa 2.0 ekimenaren barruan abiatu du foru instituzioak eztabaida prozesu hau herrialdeko kultur eragileen artean, «gaur egungo arazo eta erronkei auzolanean erantzuteko». Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak Miramongo parke teknologikoan bildutako ehun bat gonbidaturen aurrean azaldu zuenez, «estrategia partikularrak alde batera utzita, praxi-ra pasatu nahi dugu. Guztiontzat onuragarriak diren ekintzak eta proiektuak detektatu eta adostu nahi ditugu».
Lau lan talde sortu dira -teknologiaren aukerak euskararen normalizazioan; euskal letrak eta literatura; euskal musika; eta jakintza eta edukiaren kudeaketa-, eta hiru alditan bilduko dira diagnosia, ekintza planak eta lehentasunak zehazteko. Parte-hartze prozesuaren emaitzak azaroan aurkeztuko dira. Aranburuk aurreratu zuen 2011. urteko aurrekontuetan «aire handi berririk ez» dela izango, baina, hala ere, «daukagun hori euskara eta euskal kultura sustatzeko lehentasunezko proiektu horietan jarriko dugu», ziurtatu zuen.
Euskaldunak, ezkorregiak
Vicent Partalek ez du zalantzarik euskara hizkuntza globala izateko baldintzak badaudela. «Europako hizkuntzarik interesgarriena edukitzeaz gain, hizkuntza modernoa izatea lortu duzue. Baina baikorra izateko ahalegina egitea eskatuko du, eta euskaldunok ezkorregiak zaretela iruditzen zait. .cat domeinua eskatzeko ideiarekin hasi ginenean, bagenekien ez zela erraza izango, ez zegoela aurrekaririk, ezinezkoa izango zela uste genuen, baina esan genuen: saia gaitezen!».
Domeinu propioa izatea hizkuntza global bihurtzeko ezinbesteko baldintzetako bat da, Portalek azaldu zuenez. Horrez gain, hizkuntza horrek «teknologia, komunikabideak, goi kultura eta unibertsitatea eduki behar ditu; modu globalean erabilia izateko aspirazioa izan behar du, eta identifikatuko duen irudi erreferentzial bat eduki behar du».
Teknologia oinarrizkoa da, baina «funtsezkoena» paradigma aldaketa da: «Lehia lekuz aldatu da; kanpoan dago», kazetari katalanaren arabera. «Euskal kulturaren borroka izan behar du ekosistema global horretan lehiatzeko kapaza dela erakustea». Horretarako, teknologia eta globalizazioaren armak erabili behar dira, bereziki Google Translate. Hori lortuz gero, «erantzuna jasotzen da, kanpoko markek ez baitute maniarik hizkuntzarekin». American Airlines konpainiak edota Apple enpresak webguneak katalan hutsez dituztela aipatu zuen. «Horrek normaltasuna sortzen du, eta herritarraren mentalitatea aldatzen du. Une horretan herritarra konturatzen da bere hizkuntza baliagarria dela». Beraz, globalizazioaren marka handiekiko politika bat garatzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen Partalek.
Bestalde, oso garrantzitsua iritzi zion «herri marka bat» sortzeari, «argitaletxe, diskoetxe edota telebista ekoizleek norbere aldetik lehiatzea oso zaila baita». Brasilgo Pla Aquarela 2020 plangintza aipatu zuen adibide gisa: «Kultura ipini du Brasilgo markaren erdigune gisa. Herri ikuspegitik egindako operazio bat da». Sormena bultzatzeko, berriz, «oztopo legalak kendu» eta egile eskubideak gestionatzeko copyright-aren eredu zaharkituaren ordez, creative commons lizentziak bultzatzea proposatu zuen. Arlo horretan, BBC telebistak hartutako erabakia nabarmendu zuen Partalek. Ekoizpen propioko artxiboak denon eskura jarri ditu kate britainiarrak, nahierara erabiliak izan daitezen. Hain zuzen, erabaki horrekin sormena bultzatu nahi du BBCk.