William Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrena ospatzen da aurten mundu guztian, eta idazlearen hasiera garaiko antzezlan bat taularatuz egin nahi izan du bat mendeurrenarekin Bilboko Arriaga antzokiak. Antzokiaren urteko ekoizpen nagusia izango da “Uda gau bateko ametsa”, eta bertan parte hartuko duten Euskal Herriko 21 aktoreen zerrenda ikustea baino ez dago horretaz ohartzeko. Tartean dira, esaterako, Eneritz Artetxe, Gabriel Ocina, Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Gurutze Beitia. Gainera, hiru hizkuntzatan egingo den lehen Shakespearea ere izango da Pablo Viar zuzendari bilbotarrak azaldu duenez. Ingelesa, euskara eta gaztelera uztartuko ditu emanaldiak, eta kontakizunarekin lotuta joango da aktoreen hizkuntza. Hizkuntza bat erabiliko da antzezlanean ageri den mundu bakoitzeko. Jatorrizko testua entzungo da tarte labur batzuz errege-erreginen ahotik, gazteleraz emango dituzte antzezlanaren mami nagusia biltzen duen maitasun istorioaren ingurukoak, eta euskara baliatuko dute maitagarri eta pertsonaia magikoek euren artean komunikatzeko.
“Luxua” eta “plazerra”. Behin baino gehiagotan hartu du hitz horiek ahotan Viarrek goizean Arriaga antzokian antzerki talde guztiarekin batera egindako aurkezpenean. Baina onartu du erronka bat ere izan dela. “Beti da zaila edozein proiektu aurrera eramatea, baina are gehiago halako aktore talde handiarekin”. Aurrez ere landuak ditu Shakespeareren pieza batzuk Viarrek, baina lehen aldia du “Uda gau bateko ametsa” lanarekin. Azaldu duenez, hasieratik izan zuen argi testua hizkuntza askotan landuko zuela, baina entseguekin hastean are argiago izan zuen aukera hori. “Hizkuntza nahasteak aberastu egin du azken produktua”.
Hizkuntzaren lizentziaz aparte, jatorrizko testua errespetatu egin dutela zehaztu du Viarrek. “Mozketa txiki batzuk bakarrik egin dizkiogu”. Eta eszenaratzea garaikidea izango dela ere esan du. “Erronka bat da Shakespeare taularatzea beti. Iturri agortezina da”.
Jolaserako prestutasuna
Umorez azaldu du proiektuaren dimentsioa Lander Otaola aktoreak. “Gutxitan izaten dira 21 aktoreko lan taldeak antzerkian, eta are gutxiagotan gertatzen da 21 aktoreek kobratu ahal izatea”. Bertako publikoari bertako aktoreek egindako lana erakustearen garrantziaz aritu da Itziar Lazkano aktorea. “Ona da halako proiektuak egitea. Oso ongi dago hiriarentzat, publikoak eta herritarrek errekonozitu ahal izan ditzaten beren aktoreak”. Eta Viarren zuzentzeko modua txalotu du Joseba Apaolazak. “Antzerkian uste dut garrantzitsua dela jolas gune bat eskaintzea aktoreei, eta Viarrek hasiera-hasieratik eskaini digu hori”. Alegia, prest izan dela aktoreen ekarpenak ere kontuan hartzeko.
Apirilaren 6an izango da estreinaldia eta zortzi emanaldi eskainiko dituzte gero Bilbon. Beste antzoki batzuetan ere eskainiko duten galdetuta, ordea, ez dakiela esan du zuzendariak. “Ez dakit”, esan du Viarrek mikrofono aurrean, eta mikrofonoz kanpo aktoreen hitzak entzun ahal izan dira. “Oxala, oxala”.