Euskara

Euskararen astea ospatuko dute Leeuwarden hirian, Europako kultur hiriburutza dela eta

Euskarari eta euskal kulturari lotutako hainbat ekintza izango dira, uztailaren 1etik 8ra, "Europako hizkuntza gutxituen aberastasuna erakusteko, hizkuntza horien arteko lotura indartzeko eta hizkuntza aniztasunari buruzko kontzientzia indartzeko" proiektuaren baitan.

Herbeheretako Frisiako Leeuwarden egingo duten euskararen astearen aurkezpena egin du Etxepare Euskal Institutuak, Donstian. ANDONI CANELLADA, FOKU
2018ko ekainaren 26a
08:13
Entzun

Euskarara hurbiltzeko aukera izango dute Leeuwarden Frisiako hiriburuan, uztailaren 1etik 8ra bitartean, euskarari eskainiko dioten astean. Bertsoak, kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak eta bestelako kultur emanaldiak eskainiko dituzte, Leeuwardenek 2018ko kultur hiriburu gisa antolatu dituen egitasmoen artean. Etxepare Euskal Institutuak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Afuk frisiera sustatzeko erakundeak antolatu dute astea, elkarlanean.

Frisiera hizkuntza ofiziala da Leeuwardenen, nederlanderarekin batera. Bertako hizkuntzarekin, Herbeeretako gainontzeko hizkuntza gutxituekin eta Europa osokoekin harremantzeko egitaraua prestatu du Europako kultur hiriburuak. Language Pavilion izeneko gunea ezarri dute erdiguneko parke batean, eta gune horretan Europako hizkuntza gutxitu bat izango da protagonista, martxotik urrira bitartean, astero.

Euskararen txanda uztailean izango da, hilaren 1etik 8ra. Lehenengo egunean, sorbiar kulturaren —hura izango da aurreko asteko protagonista— eta euskal kulturaren arteko topaketa eguna izango da, eta bi kultura horietan oinarritutako emanaldiak eskainiko dituzte.

Uztailaren 4an, euskal kantagintza tradizionala ardatz izango duen kontzertua joko dute Xabi Paya bertsolariak eta Joxan Goikoetxea musikariak.

Hurrengo egunean izango da euskararen asteko ekitaldi nagusia. Frisiako hainbat artistak bertako kantak abestuko dituzte eta ondoren Bost hitz izeneko emanaldia eskainiko dute Payak eta Goikoetxeak.Euskal kulturaren bilakaerari buruzko emanaldia izango da. Abiapuntu hartuko du arbola, trena, gerra, emakumea eta hizkuntza hitzek euskal kulturan izan duten erabilera.

Bertsolaritza, kantagintza tradizionala eta ahozko literaturarekin lotutako bost tailer prestatu dituzte bi artista euskaldunek hilaren 6rako.

Horrez gain, Language Pavilionera hurbiltzen diren bisitariek frisieraz bertso bat sortzen ikasteko aukera izango dute. Izan ere, bertsolaritzarekiko interes handia agertu dute hainbat artista frisiarrek eta frisiera bultzatzeko zenbait eragilek. Hala, Bartelje egitasmoa jarri dute abian, bertako hizkuntzan bertsolaritza ernaltzen saiatzeko.

Uztailaren 8an, Man irlako gaelerari emango dio lekukoa euskarak. Ondorengo asteetan malteraren, kornubieraren, galegoaren eta asturiarraren txanda izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.