Euskararen Jatorriaren VII. Biltzarrak etnografiari erreparatuko dio

Joxemiel Barandiaranen eta Julio Caro Barojaren zenbait etimologia proposamen aztertuko dituzte bihar Diman

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Euskararen Jatorriaren 7. Biltzarra egingo dute bihar Diman (Bizkaia). Gaiari etnografiaren ikuspegitik helduko diote aurten, eta Julio Caro Barojak eta Joxemiel Barandiaranek euskararen jatorriaz proposatutako zenbait etimologia aztertuko dituzte, beste gai batzuekin batera. Bittor Kapanaga, Jose Luis Enparantza Txillardegi eta Vahan Sarkisian omenduko dituzte, euskararen jatorriari eta Iruñako grafitoei egindako ekarpenagatik.

Barandiaranen eta Caro Barojaren lanak aztertzearekin batera, euskararen jatorria oinarri izango dute antolatutako hitzaldiek. Felix Zubiaga Euskal etnografia eta euskara izenburukoan, etnografiaren sustraietako arketipoek hizkuntzaren sorreran izandako garrantziaz ariko da. Javier Goitia geografo eta ingeniariak hizkuntzaren erro galduen inguruko gogoeta egingo du Las inscripciones de Iruña-Veleia y la estabilidad de la lengua vasca hitzaldian. Euskararen inguruko aurreiritziak izango dituzte mintzagai arratsaldeko mahai inguruan. Dimako Baltzola kobetara bisita ere egingo dute.

Urtetik urtera, eta euskara eta euskal kulturaren gaiak ahalik eta ikuspegirik zabalenetik jorratzeko, hainbat diziplinatatik gerturatzeko saioa egiten du biltzarrak, antolatzaileek diotenez. «Hizkuntzalaritzaren aurkikuntza garrantzitsuetako batzuk beste arloetako adituek egin dituzte». Hori dela eta, iaz genetikaren ikuspegia jorratu zuten, eta etorkizunean historia eta arkeologia lantzeko itxaropena dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.