Artedramaren topaketekin batera, «euskarazko antzerkiaren irla» bihurtzen da Aulesti udaberriro. Urte osoan «sakabanaturik» ibili ondoren, bildu eta elkarren berri izaten dute euskarazko antzerkian diharduten profesionalek zein amateurrek. Eta uharte horretan elkartzeari ezinbesteko iritzi diote, «inoiz ozeanora salto egin nahi badugu», esan du Ainara Gurrutxagak. Dejabu panpina laborategiko aktoreak irakasle jardungo du aurten bigarrenez. Iñaki Irastortzak, Miren Tirapuk, Maria Urzelaik eta Miren Gaztañagak osatuko dute irakasle taldea. Hamabi ikasle izango dituzte. Hilaren 24tik 30era izango dira 6. Artedrama Topaketak. Aulestiko «udal eta herriaren laguntzaz», Ander Lipusek antolatu ditu ostera ere.
Euskal antzerkia erdal munduaren eraginetik apartatzeko eta mundu propioa sortzeko, euskara hutsezko espazioak eratu behar dituztelakoan daude. Eta gune eta tarte horiek herri ekimenetik sortzea ere garrantzitsua dela diote. «Antzerkiak baduelako garrantzia gizartean», Lipusen arabera. Dioenez, ikasleekin egiten dituzten ariketetako batzuk kalean egiteko eskatzen diete herritarrek, zer-nolakoak diren ikusteko eta ezagutza bat izateko. Eta, hain zuzen, antzerkia herritarrengana eramateko xede horrekin antolatzen dituzte aste osoan emanaldiak. Gehienak irakasle dabiltzanek beraiek ematen dituzte. Eta, hartara, ikasleekin ezagutzak partekatzeko beste bide bat bezala ere planteatzen dituzte. Izan ere, beren konpainiekin uneotan jorratzen ari diren gai eta kontzeptuen inguruan jardungo dute eskoletan.
Hala, Ainara Gurrutxagak kolektibotasuna eta korua landuko ditu, antzerkitik abiatuta beti ere. Kolektibo horietan azalduko dira norbanakoak, memoria eta bizipen pertsonalak tarteko.
Iñake Irastortzak bi testuren gainean egituratuko ditu bere eskolak: absurdua izango da bata, eta errealista bestea. Testu horiek interpretatzeko, estiloan kokatzeko eta eszenara eramateko urratsak egingo dituzte ikasleek. Antzerkiola Imaginarioan ibilitako Maria Urzelaik, berriz, zenbait «baliabide praktiko» azalduko dizkie ikasleei. «Kodifikazioa eta sustraiak. Kodifikazioaren bidez, pertsonaia eraikitzeko araudi bat landuko dugu; eta, sustraien bidez, lurretik aktoreak lanerako hartzen duen energiari erreparatuko diogu», azaldu du Urzelaik.
Horrez gain, Miren Tirapuk sortze prozesua «aktorearen etengabeko presiotik eta gehiegizko interferentzia pertsonaletik» askatzeko ereduak landuko ditu ikasleekin. Eta Miren Gaztañagarekin antzerkia, dantza eta performanceak bat egiten duteneko espazioa ikertuko dute ikasleek, «ekintza, testua eta gorputzaren artean zubiak eraikiz».
Euskarazko antzerkiaren uharte
Artedrama Topaketetan trebakuntza mintegi trinkoa eta emanaldiak egingo dituzte Aulestin etzitik hilaren 30era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu