Kultura

Eusko Ikaskuntzaren Humanitate Saria jaso du gaur Gregorio Monrealek

"Euskal kulturaren erreferentetzat" jo dute. Gipuzkoako Foru Aldundian izan da ekitaldia.

2007ko azaroaren 20a
19:56
Entzun
Eusko Ikaskuntzaren eta Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso du gaur Gregorio Monreal zuzenbide arloko ikerlari eta adituak. Gipuzkoako Foru Aldundian izan da ekitaldia, 18:30ean, Tronu aretoan, eta han izan dira, besteak beste, Javier Retegi Eusko Ikaskuntzaren presidentea, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

"Euskal kulturaren erreferentetzat" jo dute Monreal hizlariek, eta haren "gizatasuna" azpimarratu.

1942. urtean jaio zen omendua, Etaion (Nafarroa). Bere ibilbide luzean hamaika tokitan lan egitea egokitu zaio: senatari izan da Madrilen, errektore EHUn, irakasle Espainiako hainbat unibertsitatetan, Eusko Ikaskuntzako presidente eta RIEV aldizkariaren zuzendari, eta irakasle gonbidatua Renoko Unibertsitatean (Nevada, Ameriketako Estatu Batuak). Nafarroako Unibertsitate Publikoan dago orain, Iruñean.

"Nik, zehazki, ongi hartu dut saria", zioen Monrealek lehengo igandean BERRIAn. "Adin batera helduta, on egiten dizuten gauzak badira. Nik uste dut sariek beti dutela zortearekin zerikusia, testuinguruarekin. Hau da, herri honetan, nik adina edo metitu gehiago duten pertsonak badira sari hau hartzeko egoki".

Bera, "batez ere", irakasle eta ikerlari dela sentitzen da. "Iristen naizen esparruetara baino ez naiz iristen, eta harago jotzeko sentitzen dudan inpotentziak atsekabetzen nau. Beste hamaika lanbide izan nahiko nuke, beste hamaika esparrutan aritu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.