DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

Eutsi dio

Larunbatean zabaldutako «izuari» hurrengo «egun oparoek» hartu diote gaina, eta iaz adina saldu dute argitaletxe eta diskoetxeek. Ahotsenea guneak azokari «arnasa» eman diola aitortu du Gerediaga elkarteak

Irune Berro Urrizelki.
Durango
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Durangoko 45. Azokan «ondo saldu da», Jon Irazabal zuzendariaren arabera. «Hasi aurretik urduri egon ginen, ez genekien zein erantzun izango zuen azokak, eta orain esan dezakegu iazko salmentei eutsi egin diela behintzat». Batzuek gehiago saldu dute, eta bestetzuek gutxiago, baina, oro har, iazko antzean joan dela jakinarazi diete argitaletxe eta diskoetxeetako arduradunek Gerediaga elkartekoei. Irazabalen arabera, «nobedadeek eragin handia daukate salmentetan, amu berezia dira».

Eta nobedadeak ez dira faltatu azokan, argitalpenetatik azokaren aldaketetara. Nobedade izan baita aurten azoka barruan aurkezpen eta hitzaldietarako paratutako aretoa. Elkartegian egin ohi zituzten ekitaldiak azoka barrura ekarrita, bisitarien arreta bereganatzea lortu dute, eta gaiak eta egun eta orduak gorabehera, aretoa ia etengabean izan da jendez lepo.

Beste aldaketarik ere izan da. Aurrekontua %30 beheratu denez gero, gastuak txikitze aldera, Haur Literatura aretoa modulu batean atondu ordez, Elkartegian moldatu dute. Eta asmatu egin dute. «Eraikin batean egiteak dauzkan erosotasunak izan dituzte ume eta gurasoek». Egitarauak ere jarraipen handia izan du. Eta, horrenbestez, azokako espazio horren jardunarekin ere pozik daude antolatzaileak.

Azokak jarraipen handia izan du. Ikustea besterik ez dago azoka bertatik bertara emateko erabakia hartu duten hedabideen kopurua. Orotara, 148 kazetarik eskatu dute hartarako baimena. Eta www.durangokoazoka.com atariak 25.000 bisitari izan ditu egunotan, betiere Gerediagak emandako datuen arabera. «Sarrera gehienak Euskal Herrikoakizan dira, baina kanpotik ere sartu da jendea webgunera. Esate baterako, Etiopiatik, Errusiatik eta Filipinetatik».

Interes horrek zenbaki gozoak utzi ditu eragileen mahaietan. Susarenean zer esanik ez. «Marka guztiak hautsi ditugu», zioen irribarre zabalarekin Gorka Arrese editoreak. Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak herenegun arratsean agortu zen, eta Gotzon Barandiaranen Errotik nobela samaldaka saldu dute. «Jendeak oraindik ez daki nobelaz askorik, baina Gotzon hain izan da eskuzabala, Literatura Eskola, Literaturia, Ahotsenea eta hainbat egitasmorekin, jendeak ezagutu eta maitatzen du», dio Arresek. Jon Benitoren Bulkada poema bilduma ere erruz saldu dute.

Alberdanian krisia «nabaritu» egin dela esan du Inazio Mujika Iraola editoreak. «Besterik salmentek eutsi dioten». Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak eta Juan Jose Ibarretxeren Geroa gurea da gailendu dira Alberdanian, «hizkuntza bietan, baina Ibarretxerena gaztelaniaz batez ere, eta Lertxundirena euskaraz».

Pamielan, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behe-lainoan?, Fermin Etxegoienen Autokarabana eta Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak saldu dira, beste lanen gainetik. Hain zuzen, Leteren obra horren hirugarren edizioko azken aleak herenegun amaitu zitzaizkien, eta urte hasieran laugarrenez argitaratuko dituzte.

Sarrionandiaren liburuaren lodierak -712 orrialde dauzka-, beharbada, irakurle batzuen erabakia baldintzatu duela uste du Pello Elzaburu editoreak, baina saiakera generoaren oparotasuna nabarmendu du. «Inoiz baino gehiago egon dira, eta horrek herri honek gogoeta intelektualerako daukan ahalmena agerira atera du». Jende emariari dagokionez, makalago ikusi du aurten azoka Elzaburuk.

Mikel Soto Txalapartako editoreari iazko antzeratsu joan dela iruditu zaio, halaber. Irati Jimenezen Atsekabe zaitut eta Patxi Zubizarretaren Joan eskatu dizkio jendeak, batik bat. «Ezusteko polit» bat ere izan du: «Literotura saileko Orgasmus liburua ez dugu aurkeztu oraindik, eta hala ere, ondo saldu da». Hainbat idazlek idatziriko pieza erotikoen bildumak atentzioa eman dio jendeari nonbait.

Toti Martinezen Nur bildumako liburuek markak hautsi dituzte, beste behin ere, Ereinen salmahaian. Eta atzetik segitu diote Arantxa Urretabizkaiaren 3 maria-k eta Jon Arretxeren 7 kolore-ren berrargitalpenak.

Bisitari fidelak

Elkarren ahalegin berezi bat egin dute fondoko liburuak ere ekartzeko, eta irakurleek eskertu egin dutelakoan dago Olatz Osa argitaletxeko arduraduna. Lan horiekin batera, Xabier Montoiaren Fucking artists eta Miren Agur Meaberen Zazpi orduak liburuak ez zaizkie oharkabean pasatu Durangoko bisitariei.

Krisiak aztarna utzi du, baina Durangok baditu bisitari fidelak, euskarazko kulturak hartzaile leialak dituenez. Eta horiek ere utzi dituzte sosak diskoetxeen mahaietan. Baga-Bigan Gatibu izan da jaun eta jabe, Ritxi Aizpuruk dioenez. Esne Beltzaren Noa ere primeran saldu dute, uda hasierakoa izanagatik. Lehen egunean, «argi gorria» piztu zela dio Aizpuruk, «dena pikutara zihoala zirudien». Baina egunak aurrera, azoka «egonkortu» dela eta salmentek ere gora egin dutela azaldu du. «Histeriko samar jartzen gara batzuetan», onartu du Elzaburuk.

Azoka ireki zuteneko egunean, larunbatean, horretarako motiborik izan zela uste du Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradunak. «Gero, zorionez, beste bide bat hartu du azokak». Jazz eta blues diskoak iaz baino gehiago mugitu dira zigilu horren mahaian. Gor etxearen Berri Txarrak-en Denak ez du balio bildumak eta Bizardunak-en En Zungwang-ek piztu dute zaleen arreta. Eta Bidehuts kolektibokoak harrituta geratu dira Mikel Laboaren abestiak berrinterpretatuz hainbat artistak onduriko Txinaurriak diskoak izaniko harrerarekin. «Binilo guztiak saldu ditugu, eta diskoak ere, mordo bat».

Elkarren, ilarak etengabeak izan dira Ken Zazpiren Ortzemugak begietan eskuratzeko. Taldeko musikariak ia uneoro izan dira zaleekin hizketan, eta horrek, Valdesen irudiko, disko gehiago saltzen lagundu du. «Oraindik gehiago», esan nahi dut. Badira beren kabuz mahaia jarri duten artistak. Gosek iaz halako bi saldu du. «Ezin hobeto joan da», dio Ines Osinagak, «batez ere Ahotsenean izan ginen egunean. Ahotsenea da musikarion azoka».

Nerea Mujika lehendakariaren bidez, Gerediagak aitortza egin dio sortzaileen ekimenari. «Azokaren arnasa izan da Ahotsenea». Eta esker hitzak Xabier Leterentzat. «Eskerrik asko horrenbeste emateagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.