MUSIKA

Existentzia hurbila

mikel lizarralde
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Momentua iritsi zaion sentipena dute haren hurbilekoek, Rafael Berriok disko honekin egin behar duela bizitza osoan urruti ikusi duen jauzi hori. Ez da gutxiagorako, 1971 bere ibilbide luzeko disko onena izateko arrazoi asko izateaz gain, inflexio puntua bilakatzeko sortua baitirudi une askotan. Ez alferrik, hau da donostiarrak bere izenarekin sinatu duen lehenengo disko luzea, nahiz eta Amor a Traicionekin eta Derivarekin grabatudituen lan interesgarri bezain gutxi ezagutuak.

Iraganean pop eta rock eskemekin jolastu bazuen ere, azkeneko diskoan Berriok gainetik kendu ditu azken berrogei urteotan musika estandarrean nagusi izan diren formulismo guztiak. Elektrizitatea (ia-ia) alboratuta, Joserra Senperenaren eskuetan utzi ditu bere kantu akustikoak, fadoaren, baltsearen eta ganberako musikaren ahaireak dituzten pieza eder hauek jantz ditzan. Bien artean eraiki dute barrokismo puntu egokia duen lana.

1971 lan dotore eta solemnea da. Bikaina ere bai. Leonard Cohenengandik eta Berriok hainbeste maite duen Lou Reeden Magic & Loss ilun hartatik gertu dagoena. Abeslariak aitorpenak egiten dizkigu, existentzialismoa eta hurbiltasuna uztartuz, min ematen duten istorioak kontatuz. Odola baitago Berrioren letra izugarrietan -nor da gaur egun espainieraz halako hitzak, literarioak, handinahiak eta erreferentziez beteak, barregarri geratu gabe abesteko gai?-.

Hotzikara behin baino gehiagotan eragiten du 1971-k. Buruan iltzatuta geratzen diren hamaika esaldi laguntzen ditu musika ederrak,baina testu guztiak dira bikainak. Diskoko une zirraragarrienetako batean, Este álbum-ek iraganeko mamuak dakartza familia argazkiei begira, eta Simulacro-k -hori ere ikaragarria- bizitza baten kronika ia metafisikoa egiten du. Baina umoreak eta ironiak ere badute beren lekua diskoan, Mis amigos satirikoak erakusten duen moduan.

Fadoak (El amor es una cosa rara) eta baltseak (Las mujeres de este mundo) ageri dira 1971-n, baina edonolako mimetismotik urruti, Lou Reed garratzena gogora ekartzen duen unean bezala (Tú tienes a tu lado un ángel), Berriok bere diskurtso propioa egiteko erabiltzen ditu generoak.

1971 ez da Berrioren munduan sartzeko bide errazena. Haren disko onena da, ordea. Eta aurtengo lan ederrenetakoa. Bertakoa nahiz kanpokoa.



RAFAEL BERRIO

Diskoa: '1971'.

Diskoetxea: Warner.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.