Fernando Botero legarrik gabe mintzatu da Bilbon eginiko agerraldian, zuzen eta argi: «Arteak ez du unerik loriatsuena bizi. Pintura ordezkatzen ari dira bideo artea eta instalazioa. Baina bideo arteak gehiago du zinematik artetik baino; eta instalazioak, antzerkitik. Horregatik ez da bidezkoa arte berriek pintura ordezkatu nahi izatea. Ezin da halakorik gertatu. Pintura pintura da, eta gainerakoa, gainerakoa». Poliki, baina irmo hitz eginez erantzun die galderei artista kolonbiarrak. «Egungo artea kontzeptuala dela esaten dute, baina zer da arte kontzeptuala? Arte kontzeptuala ez da berria. Izan ere, kontzeptu batetik sortzen da arte guztia, baita Raffaelloren pintura ere».
Esan duenez, «artistak uste sendoak izan behar ditu». Hala izan ezean, nekez aurkituko du artearen munduan esatekorik, eta hura esateko modu propiorik. «Artea zer den argi izan behar du artistak, eta muturreko uste oso horren ondorioz izango da gai bere estiloa aurkitzeko, eta hizkuntza artistiko propioa lantzeko».
«Zezenketak artea dira»
Boterok dio sekula ez duela pintatu gizon-emakume gizenik, eta, agian, artea ulertzeko modu hori aintzat harturik ulertu behar da baieztapen hori. «Benetan diot ez dudala inoiz emakume gizenik margotu. Ulertuko nuke hori pentsatzea koadroan azaltzen diren beste elementuak txikiak, meheak edo argalak balira. Baina nire lanetan irudi guztiek dute bolumen handia. Alde horretatik, ez dago kontrasterik, osagai guztien arteko koherentzia baizik».
Bolumenaren bidez naturaren sentsualitatea eta handitasuna goretsi nahi ditu Boterok. Horregatik ez du salbuespenik egiten figura batzuen eta besteen artean. «Berdin tratatzen ditut pertsonak, animaliak eta natura hilak». Diomentsio berberetan, neurri handi eta bihurrietan ekartzen ditu pinturara.
Zezenketak ere estilo horri segituz pintatu ditu. Bilbon eginiko adierazpenetan sutsu defendatu ditu, eta, aldi berean, gogor jo du zezenketak galarazteko lanean ari diren mugimendu gero eta ugari eta sendoagoen kontra: «Bogotan ere debekatu egin dituzte zezenketak, eta pena bat da. Espero dut oso urruti ez iristea mugimendu horiek, zezenketen aldeko presioa ere hor baitago. Zezenketak krudelak dira, hori ezin daiteke uka, baina zenbat gauza krudel daude munduan? Zenbat animalia hiltzen dira gizonek [pertsonek]jan dezagun?».
Boteroren ustez, «desagertu behar ez duen artea dira zezenketak. Espainiaren kulturaren parte dira, eta literatura eta artean maisulan handiak egin dira zezenketetan inspiratuta. Abolitzea krimen bat izango litzateke. Beraz, espero dut buruko argitasun une bat egotea, mugimendu horien absurduaz jabetzea eta zezenketen aurkako kanpaina behin betiko etetea».
«Ez da bidezkoa arte berriek pintura ordezkatu nahi izatea»
Fernando Boterok uste du arteak ez duela bizi unerik loriatsuena, eta arte kontzeptuala berria ez dela aldarrikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu