Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek, «gauzak argi» utzi nahi izan ditu, eta esan du ez dutela «inolako presiorik» jasan film batek Zinemiratik kanpo ala ez egon behar duen erabakitzeko orduan. Gisa berean, argitu du zentsurarik ere ez dela izan, eta hedabide batzuek argitaratutako informazioa «gezurra» dela.
Aukeraketa batzordeak bi film baztertzeak eragin du polemika, biak ere politikari atxikitakoak izanik. Bost euskal presori buruzkoa da Barrura begiratzeko leihoak, eta Jesus Egigurenek 2005eko eta 2006ko bake prozesuan izandako eragina lantzen du Angel Amigoren Memorias de un conspirador-ek. Rebordinosek azaldu du orotara 1.800 filmen artean aukeratu behar izaten dutela, eta «ezinezkoa» dela kanpoan gelditzen direnei «banan-banan» azalpenak ematea; batetik, «eztabaida amaiezin batean» sartzea litzatekeelako, eta, bestetik, filmei dieten «errespetuagatik» beragatik. Gainera, hedabide batzuen jarrera salatu du, «Zinemaldian film politikorik emango ez dutela zabaltzeagatik».
Donostia sari gehiago
Gisa berean, Zinemaldiaren 60. urteurrena denez, salbuespenak izango dira Donostia sariari dagokionean. Orain artean, urtean aktore bati eman ohi zitzaion. Aurten, bi izen jakinarazi dira jada: Oliver Stone zuzendaria eta Ewan McGregor aktorea. Rebordinosek esan du oraindik «beste bi izen garrantzitsu» behintzat badituztela iragartzeke, eta datozen egunetan izango dela haien berri.
«Ez dugu inolako presiorik jasan film bat aukeratu ala ez erabakitzerakoan»
Zinemirako filmak hautatu ostean, zenbait hedabidek leporatu dioten zentsura ukatu du Rebordinosek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu