Aitor Sarasua. Bertsularien Lagunak elkarteko kidea

«Ez dugu nahi Xilabari 'Iparraldeko Txapelketa' deitzea»

Bertsularien Lagunak elkarteko garairik zailenak ezagutu zituen Aitor Sarasuak, hango lehendakaria zenean. Egindako lanarekin, baina, bertsolaritzaren noranzkoa aldatu zen.

K Saioa Alkaiza(h)
2014ko urriaren 5a
21:28
Entzun

«Garai batean, Bertsularien Lagunak elkartea oso ahula zen; gehiago zen lagun talde bat proiektu bat baino». 2000. urtearen inguruaz mintzo da Aitor Sarasua (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1967). Orduan izendatu zuten elkarteko lehendakari, eta gorriak ikusi behar izan zituen: bertso eskola gutxi zegoen, eta ez ziren saio asko egiten. Bertso eskolak ugaritzearen alde egin zuen, eta fruituak eman zituen apustuak. Orduko lanaren ondorioa da egungo errealitatea. Egun, elkarteko zuzendaritza taldean dabil lanean. Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren loraldiaren lekuko izan da.

Aldaketa handiak egin zenituen orain hamabi urte elkartean.

Irakaskuntzan indarra jarri genuen. Ordura arte, zuloak tapatzeko lana egin zen bertso eskolekin, programa jakinik gabe. Baina, garai horretan, elkarteari erantzun behar ziotela erabaki genuen. Beste erritmo bat hartu zuen elkarteak; ikuspegi profesionalagoa eman genion: liberatuak kontratatu...

Garai horretan, bederatzi bertso eskola inguru zeuden; egun, 31 inguru dira. Nola lortu duzue?

Irakaskuntzan urteetan egin den lanari esker; eta, zortez, puntako bertsolariak etorri direlako; Amets [Arzallus] eta Sustrai [Colina] aipatuko nituzke...

Arzallus eta Colina egoteak bertsozaletasuna hauspotu du, beraz?

Lagundu du. Gizakiok arrakastak itsutzen gaitu batzuetan. Izan ez balira, ez luke, segur aski, hainbesteko oihartzunik. Baina ez dira horiek bakarrik; beste bertsolari batzuk ere badira, herritik oso hurbil daudenak. Eta hori bertso eskolen lanari esker sortu da.

Eskolez gain, bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzue: lehen ez zenuten txapelketarik, eta orain bai.

Lehen Nafarroako Txapelketan parte hartzen genuen... Ez zen gure borondatezko erabakia izan txapelketa propioa antolatzen hastea.

Gai gatazkatsua izan zen hori? Bota egin zintuzteten?

Ez, ez zen hori izan. Gehiago zen nafarrek ikusten zutela beren txapelketak behar zuela arnasa berri bat, eta horregatik erabaki zuten Nafarroako Txapelketak bere kabuz aurrera egitea. Garai haietan, gure elkarteak ez zuen indarrik, eta Nafarroako elkarteak egiten zuen lanaz baliatzen ginen; ez zen oso bidezkoa guk horrela segitzea. Beharrezkoa zen eten hori gu esnarazteko! Hasieran, ez genuen garbi ikusten hemengo lehiaketaren beharra. Baina, gero, horri esker, Iparraldea bere kabuz hasi zen.

Txapelketak ere lagundu du bertsozaletasuna handitzen?

Dudarik gabe.

Iparraldeaz ari gara, baina hiru lurralde zarete. Ezberdintasunik ba al dago?

Askoren ikuspegitik, Iparraldea eta Hegoaldea hitzak ez lirateke erabili behar; azken finean, geure buruan den muga errepikatzen jarraitzea da. Elkarteak hiru probintzia biltzen ditu, baina egoera oso ezberdina da. Barnealdean egoera zaila da: euskara egoera konplikatuan dago; ikastolak minoritarioak dira; eta euskarak ospe txarra dauka. Herriaren inkontzientean, oraindik, lan handia dago egiteko. Kostaldean, jende gehiago dago, eta bertso eskolak errazago irteten dira. Ezin dugu, ordea, barnealdea utzi: hor daude gure sustraiak.

Xilaban hiru lurraldeak kontuan hartzen ahalegindu zarete?

Bai, ez dugu nahi txapelketa Iparraldeko Txapelketa deitzea; handik dator Xilaba (Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroa). Baina, gero, jendeak Iparraldeko Txapelketa deitzen du, eta Hegoaldea-Iparraldea dikotomia hori indartzen da. Orain, hirurek batera egiten dugu, baina noizbait iritsiko da garaia egiteko Lapurdikoa, Behe Nafarroakoa eta Zuberoakoa. Oraindik ez dago nahikoa bertsolari... baina helduko da!

Zer lortzen da txapelketari esker?

Euskal Herri osoaren ikuspegia lortzen da, bai hemengo jendearentzat, bai hegoaldeko jendearentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.