Aristoteles, Platon, Descartes, Kant, Nietzche edo Sarrionandia. Nortasunaren gaia mende eta kultura orotariko filosofoek landu dute. Gizakia bera bezain zaharra da identitateari buruzko gogoeta. Horri begira jarri dira Iruñean. SUM. Conflictos de la identidad desde los aledaños de la fotografía (SUM. Nortasunaren gatazkak argazkilaritzaren inguruetatik) argazki erakusketa ireki dute Ziudadelako Mistoen aretoan, eta irailaren 2ra arte egongo da zabalik. Nortasunaren gatazkari buruzko eztabaida elikatzeko, sei artistaren 45 ale bildu dituzte bertan. Sum. Hitz bakarra eta hiru esanahi: izan, egon eta existitu. Horrexegatik aukeratu dute aditz hori gogoeta bideratu nahi duen erakusketarentzat, latinezko hitzak identitateren polisemia islatzen duelakoan. Obrek niari buruz hitz egiten dute. Monosilabo bat eta nork bere burua zein gizabanakoa identifikatzeko hamaika modu.
Sei sortzaile batu dituzte SUM-en: Antonio Alcasser, Jose Carlos Balanza, Nerea de Diego, Yotta Kippe, Carmen Mariscal eta Romulo Royo. Artista jatorri, adin, genero eta ikuspegi anitzetakoak dira. Puntu komun bakarra daukate: niaren haritik abiatutako gogoeta. Alcasser eta Royo sortzaileek beste pertsonaien errepresentazioen bidez egiten dute nortasunaren interpretazio saioa. «Beste pertsonengan proiektatzen dute beren nortasuna, beren buruen errepresentazioak egiten dituzte, baina ez autoerretratuak», esan du Raquel Medinak, erakusketako komisarioak. Gainontzeko sortzaileek beren buruak islatzen dituzte. Nortasuna autobiografian oinarrituta lantzen dute. ÃObrak, baina, pentsa zitekeenaren kontra, ez dira argazkiak soilik. Bitxia da: argazki erakusketa dela esan arren, ez dute ezinbestekotzat jo sorkuntzak argazkiak izatea. Abiapuntutzat eduki izana aski da bilduma horren parte izateko.
Medinaren aburuz, artistek «mestizajea» eta «heterodoxia» erabili dute. Argazkien presentzia fisiko eza justifikatu du horregatik komisarioak. Ez egotea bera ere «oso esanguratsua» da. Ondorioz, hamaika euskarritan aurkeztutako ideiak daude; besteak beste, ikus-entzunezko sorkuntzak, edozein materialekin apaindutako oihalak eta helburua ikuslearekin jostatzea duten objektuak. Erakusketako arduradunaren hitzetan, argazkilaritza hautatu dute oinarritzat «gainontzeko teknikekin lotura duen alor esperimentala» delako. Hala, argazkilaritzatik abiatuta, identitatearen xehetasunetan sakontzeko hainbat gai lantzen dira erakusketan: nortasun fisikoaren eta nortasun psikikoaren lotura laburra, identitatearen eta irudiaren arteko funtzionalitatea, maskarak eta katamaloak erabiltzeko ohitura...
Ispiluaren aurreko identitatea
Aretora sartu eta paretak koadroz beteta daude. Kipperen hormirudiak hasieran, Royoren material anitzeko sorkuntzak alboetan eta Mariscalen obra hondoan. Hori da arreta gehien deitzen duena. Soka batean, 92 oihal zabaldu ditu sortzaileak, eta pintza txikiekin eutsi. Oihalek, baina, berezitasun bat daukate: hainbat emakumeren aurpegiak azaltzen dituzte. Generoa agerira ekartzen du Mariscalek nortasuna lantzeko. Emakume alaiak dira, baita emakume tristeak ere. Begi itxi edo irekiekin azaltzen dira. Deszifratu ezinezko espresioak dira batzuk, aurpegiera ulergarriak besteak. Soy deitzen da obra (Banaiz). Horren ondoan, generoa ardatz duen autore beraren beste lan bat dago, Espejo deituriko ikus entzunezko sorkuntza (Ispilua). Logikoa da bi obrak gertu jartzea. Izan ere, kontzeptu berari buruzko bizipenak biltzen dituzte biek. Gorputzaren ingurukoak. Emakume gorputzen ingurukoak, hain zuzen ere.
Bideoan, emakumeak azaltzen dira, ispiluari begira, eta amaieran ispilua hautsi egiten da. Emakumeak larrituta azaltzen dira, irudiak estututa. Hala, barneko eta kanpoko gatazka islatzen da. Azken finean, buruaren eta gorputzaren arteko uztartze gatazkatsua azaldu nahi izan du Mariscalek.
Ondoko gela ere beteta dago. Alcasser, De Diego eta Balanzaren koadroak daude. Alcasserren sorkuntza raport litografikoak markatzen du; audio eta bideo zinten zatiak erabili ditu, eta collage moduko bat sortu du. De Diego artista nafarrak tinta erabili du, eta egunerokotasunean nortasunak duen aldaketa aztertu du. Balanzak erakusgai jarri ditu nortasunari buruzko eztabaidan argudio trinkoak aurkezten dituzten obrak.
Bere burua irudikatu du artistak. Ez da, ordea, egozentrismo ariketa bat. Gizabanakoak islatu ditu sortzaileak, brodatua, pintura eta argazkigintza nahastuta. A los dos lados koadroa da (Bi aldeetara) egindako obrarik esanguratsuenetako bat. Argazkia eta brodatua nahastu ditu hormirudi hori egiteko. Gizon baten argazkia azaltzen da. Hondo zuri baten aurrean dago. Gizonak ez dauka aurpegirik, eta, horregatik, Balanzak urrezko hariarekin brodatu ditu gizonaren hazpegiak. Nork bere buruaren eraikuntzan betetzen duen papera irudikatu nahi izan du obran.
Ez gara geure baitakoak
Nortasunari buruzko sei artistaren lanak bildu dituzte Iruñean, Ziudadelako 'SUM' argazki erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu