Idazlea: Paloma Valdivia.
Ilustratzailea: P. Valdivia.
Itzultzailea:Manu Lopez Gaseni.
Argitaletxea:Pamiela-Kalandraka.
Begien festatzat har daiteke album hau. 22X22 cm-ko tapa-gogor honek edonor txunditzeko moduko irudi xalo maitagarriak ematen dizkigu, egunerokoan oso presente dugun gai baten inguruan: gu eta besteak; desberdintasuna eta haren onarpena; auzokoaz uste duguna zenbateraino ez ote den gure beldurra... Ezaguna egiten zaigu, ezta?
Goikoak eta behekoak marra batez orrialdeak erditik ardaztuta dituen irudiekin osatutako aldarrikapen albuma da, adin guztientzat egokia, lauzpabost urtetik aurrera, goikoa izan ala behekoa...
Sakonkiago hitz eginda, haur literaturaren txoko honen jarraitzaile zaretenak ondotxo dakizuenez, hau sinatzen duenaren ustez, album ilustratuen puntu ahula gidoigintza da gaur-gaurkoz. Abenduaren 12an, Sara nor zara? album zoragarriaren harira azpimarratu genuen ideia hau. Eskuartean dugun albumarentzat balio duelakoan, gogoraraziko dugu abenduko hartan esan genuela gidoi hutsalak proposatzen dituztela haur literatura mota horretan: irudi sorta bat, gai beraren adibide multzoa osatzen duena, garapen kronologikorik gabe eta are gutxiago gertaera baten kontaketarekin. Baina dena ez dela txarra, era berean ideia sozial kritikoak nagusitzen ari direla eta nola ideia horiek irudi lan bikainekin osatuta agertu ohi diren. Gehi genezake tapa gogorreko edizio oso erakargarriak kaleratzen ari direla hainbat argitaletxe ausart, prezio/kalitate proportzio onargarriarekin.•
Literatura. 'GOIKOAK ETA BEHEKOAK'
Ez gara hain (des)berdinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu