Hiru urtekoa bata, hilabete pasatxokoa bestea, bi haur ditu etxean Eneko Olasagastik, Maité (1994) eta Sí, quiero (1999) filmen zuzendariak. Horregatik, nahiz eta Zinemaldian berak ekoitzitako film bat aurkeztu -Prohibido recordar / Debekatuta dago oroitzea-,denbora gutxi du filmak ikusteko.
Zein da zinemarekin loturik daukazun lehen oroitzapena?
Mary Pomppins uste dut, Donostiako Bellas Artes aretoan. Hori eta marianistetan igande arratsaldeetan ematen zituzten pelikulak, erromatarrenak eta.
Beharrezkoa duzu zinema?
Bizitza honetan benetan beharrezkoak gauza gutxi dira. Gainera, orain beste lehentasun batzuk jarri dizkit bizitzak. Ez dut uste ezer gertatuko litzaidakeenik beste filmik zuzenduko ez banu. Baina egia da istorioak kontatzeko modu gisa bai, batzuetan beharrezkoa iruditzen zaidala.
Jaialdietan edo jaialdietatik kanpo ikusten duzu zinema?
Jaialdietan Donostiakoa da harrapatzen nauen bakarra. Gaztetan, lau edo bost egunean ikusten nituen filmak, pila bat. Orain, berriz, jaialdi osoan lau edo bost ikusten baditut, kontentu.
Filmak telebistan, DVDan edo zinema aretoetan ikusten dituzu?
Gaur egun pelikula gutxi ikusten dut, eta gehienak, telebistan. Zinemara astero joateko diziplina bat jarri nion neure buruari, baina oso gutxitan joaten naiz.
Kursaala ala Viktoria Eugenia?
Viktoria Eugeniarekin oso harreman berezia dugu donostiarrok. Hiriaren bihotzean dago, Urumearen ondoan...
Filmak ikusi aurretik, sinopsia irakurtzen duzu?
Bai. Lehenengo, ordutegiari begiratzen diot, jakiteko ea ondo datorkidan, eta gero, sinopsia.
Eneko Olasagasti. Zuzendari eta ekoizlea
«Ez litzaidake ezer gertatuko, beste filmik zuzenduko ez banu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu