«Ez zitzaidan gustatu bukaeran erakutsi nuen aurpegi hori»

Ipar Euskal Herriko bigarren txapela irabazi ostean, azken hiru urteetan jokatutako txapelketen biharamuna etorri zaio Arzallusi.

Beñat Zamalloa Akizu.
Hendaia
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako Bertsulari Xapelketako Amets Arzallus (Hendaia,1983) txapeldunak herrialdeotan euskararen egoerak eragiten dion minetik kantatu zuen larunbatean Donibane Lohizunen jokatu zen finalean. Egoerari onurak aitortzen dizkion arren, ezkor da hiru herrialdeotako egoeraz.

Larunbateko biharamuna azken hiru urteotan jokatutako hiru txapelketen biharamuna ere bada?

Bai. Hiru txapelketak oso ongi askatu gabe daude elkarrengandik, nahiko aldapa berdinaren baitan harrapatu ditu hirurak. Ez dut bereziki gauza txar bezala esaten; beharbada, lagundu ere egiten du tiroi batean horrela arnas luzera jo, eta batean harrapatzeak. Aurtengo urte erdian urte bukaerako txapelketari begira nahiko buru edo mingain astuneko sentitzen nintzen, eta ilusioak nik bilatu behar nituen, ez zitzaizkidan goizero argitara ateratzen. Behin hasi denean txapelketa gure bide pertsonalak baino, hain sakonago eta zabalago sentitu dugu taldearen giroa, taldearen funtzioa, taldearen kezkak eta talde honen zentzu kolektibo hori, min kolektibo hori eta aldarrikapen eta festa behar hori. Uste dut hori izan dela ia zentzua eman diona, eta zure aztarrika ibili behar horri hitzen artean, zure bilaketa pertsonal horri ere ilusio guztia eman diona. Denen biharamun da, baina nahiko biharamun goxoa gertatu zait egia esan.

Ezer berririk ekarriko dizu azken emaitza honek?

Ez dakit, ez dut uste nire bertso bideari dagokionez inongo iraultzari suposatu duenik. Garbi neukan hasi baino lehen, eta bukatu eta gero, garbiago. Beharbada, berria bakoitza desberdina delako, eta bakoitzak bizitzako fase desberdin batean harrapatzen zaituelako. Bai, zure kezken mundua aberaste aldera, beharbada, gure hiru probintzietako egoeraz sakonago hausnartzeko astia eman dit, eta uste dut horrek gerora eman lezakeela bere bide edo bere adaskak ernetzen zaizkiola kezka bakoitzari.

Kanpotik irudi lezake duzun maila izanda eta oraindik orain dagoen maila egonda hiru herrialdeotan, ez duzula era berezia prestatu beharrik txapela janzteko eta maila ona emateko, baina nola bizi duzu zuk?

Nik, egia esan, ez dakit zer den era berezian prestatzea, bakoitzarentzat zentzu berezia izango du, baina gogoz prestatu dut. Esan dut aurreko Euskal Herrikoak inkontzientzian dimentsioa handitzen dizu nahi gabe, eta orduan, intentsitatea horren arabera eramaten duzu. Beharbada, lurraldekakora kostatzen zaizu intentsitate hori hartzen, txapelketa hura ere luzeagoa bada, baina hau prestatu dut. Ez naiz lasaitzen pentsatuz maila errazago lor nezakeela edo txapelketaren itxurazko lorpen horietatik errazago hurbildu naitekeela pentsatuz ez naiz inola ere lasaitzen. Prestatu dut, batez ere, prestaketak berak ere baduelako bere alde polita eta bere plazera eta bestetik, ardura sentitzen nuelako nire mailari eutsi beharra, ahal baldin bazen igo beharra, eta gure zentzu kolektiboari aportatzeko onena zelako bakoitzak bere bidean ahalik eta urrunen joatea.

Serio, tentso antzematen zitzaizun oholtzan...

Bai, eta nahiko kuriosoa da ze serio ikusten zen nire burua eta gero, aski umoretik joan zen nire finalaren lehenengo erdiaren ofiziotako lana. Han ez nintzen ohartu, baina bai nire burua ikusi dudanean gero telebistan, batez ere bukaeran, harrigarri serio eta nahiko serio nengoen. Ez dakit, ematen zuen haserre nengoela pixka bat, eta nahiko kezkatua utzi ninduen edo ez zitzaidan gehiegi gustatu eman nuen bukaerako aurpegi hori. Hasten naiz aztertzen memoria hurbilera eta beharbada, eman niezaiokeen esplikazio bakarra da saioaren lehenengo erdian serio egotea normala izan liteke lan handia sentitzen duzulako egiteko, eta lan horri pultsua pixka bat ganoraz bota arte ezin duzulako gehiegi erlaxatu. Gero, uste dut, kartzelatik etorri nintzenean, denbora egin nuen kartzelan, sentitzen nuen ordura arteko pultsua nahiko ongi botea nuela, eta ez dakit bategatik edo besteagatik ala biak elkartuta tentsio galera arraro bat izan nuen, eta kosta zitzaidan berriz nire burua bertsotarako tenple egokian aurkitzen. Egiten nuen ari nintzen, batzuetan gozatzen nuen, ez askorik, baina uste dut nahiko aldarte arraroan aurkitzen nintzela eta horrek berak haserrarazten ninduela pixka bat nire buruari begira. Ikusi dudanean telebistan izendapenak emandakoan eta emaitzak emandakoan, ematen du ez direla ezer berezia esaten ari eta ez dut ia keinurik aldatzen. Ematen du haserre nengoela, eta ez nengoen bereziki haserre ez bazen nire aldarte nahi hori ezin bilatuarekin. Haserre utzi nau han ikusi dudan nire aurpegiak.

Euskal Herrikoan gora egin zenuen eta larunbatean ere bai. Buruz burukoetan eroso sentitzen zara?

Nik uste dut buruz burukoak ematen diola jendeari emozio gainkarga puntu bat, eta zuri datorkizula jendeak sentitzen duen hori edo buruz burukoak jartzen zaituen estura horrek ematen dizula indar bat. Aldi berean, buruz burukoa uste dut bertsotan ongi egiteko egoera ezin aproposagoa dela: badakizu aurrena edo bigarren zarela, bigarren poz horretatik eta euforia horretatik indarra besterik ezin da atera; eta aldi berean, egun hartako bertsolari onena daukazu zure alboan zurekin kantatzeko. Han ni ez nintzen sentitu beharbada oso gora egin nuela, edo bertso batzuetan bai, eta beste batzuetan pixka bat behera ikusi nuen nire burua, baina beno, egoeraren tentsioak asko laguntzen du momentu horretan.

Ikuspegia kolektibotik emaitza ona da Odei Barroso bigarren sailkatzea Sustrai Colinak berebiziko saioa egin ez arren maila oneko saioa egin ostean?

Bistan dena. Aldrebes izan balira kritiken komentarioak, baina Sustrai bere saioarekin nahiko ongi, eta nik ere ez nuen Sustrai gaizki ikusi atzetik, gero ez nion entzun bigarren erdia, eta hala ere Odei puntuazioan bere gainetik gelditu izana uste dut Iparraldeko bertsogintzarentzat etorkizuneko altxor txiki bat deskubritzea bezala dela. Lehendik deskubritua genuen inguruan genbiltzanok, beharbada, ez egin zuen momentuko distiraren momentuko mailan, baina bai oso sinesmen handiz bizi izan dugula Odeien bertso bilakaera eta uste dut larunbateko emaitza beretzat eta bere inguru zabal guztiarentzat, gu bere inguru zabal guzti horretan gaude, txute handia dela.

Irakasleak eta gurasoak omendu zenituen azken agurrean, eta haiei esker euskarak eta orduko ikasleek bihotza zabalagoa zutela hizkuntza handiagoek baino kantatu; bihotz zabal horiek taupaka jarri behar dira orain?

Bai, bistan dena. Nik uste dut nahiko garai nekezak direla, ez dut esango aurrekoak errazagoak zirenik, baina bai uste dut aurreko belaunaldiak garaiari ezberdin eman ziola buelta. Hain zuzen ere horregatik ezerezetik, lege guztien kontra eta traba guztien gainetik sortu, asmatu eta normalizatzeraino iritsi zirelako eta hori esperientzia humano eta lorpen humano ikaragarria da, eta guk izan genuen pribilejioa haiek sortutako bideetan ibiltzeko, kemenezko maitasun hura guztia jasotzen. Aurreko belaunaldiak izan zuen kemen, indar eta ilusio hori eta gauzak obratzeko gaitasun hori nola ematen duen eginak iritsi zaizkigun ikastolak, nola eginak iritsi zaizkigun gure inguru hurbileko gauza pilo bat, ez dugula kemen neurri horri eutsi beharrik aurrera egiteko. Uste dut lanak oraindik hemen nahiko handi direla, eta beldur naiz ez badago neurriko kemenik, pixka bat atzera edo uzkurtzera egin ote genezakeen eta orduan, nik espero dudana da nire belaunaldiko ikasle guztiak, beharbada barnealdean laborantzarekin bolkatuak dauden bezala, euskararen lurra sentitzea premia larriagotan eta min horretatik egituratuta daude ikastolak, egituratuta daude institutu publikoak, frantses gobernuak batzuetan papur bezala ematen dituenak mahai gainera, baina beste gauza asko behar dira.

«Euskararen egoerak eragiten duen minetik» kantatuko zenuela adierazi zenuen finalaren aurretik. Zertan eragiten dizu min horrek bertsotan eta bertsolari gisa?

Sentimendu bat bilatzen duzu, eta sentimendu bat eta kezka bat duzu barruan. Sentitzen duzu min horrek merezi duela bertsoa eta bertsotan ongi egitea bertsoa hizkuntzaren inguruko jolasa delako azkenean, eta jolas horretatik sinesten duzulako hurbildu daitekeela beharbada euskararen mundutik aldenduago edo ez hain kezkatua dagoen jendea eta jolasaren plazer horretatik bil litekeela aldarrikapenak eskatzen duen kezka maila horretara. Sentimendu horretatik kantatzen dut, eta sentimendu horretatik ateratzen zaizu jolastu beharra eta jolastuz ingurua biltzeko premia. Uste dut zerbait sentitzea bertsotarako bereziki garrantzitsua dela, bestela, nahiko huts sentitzen duzu zure bertsoa eta zure bertso bidea. Kristoren bertsoa bota zenezake edo kristoren bertsolaria izan zintezke, baina sakonean sentimendu, min, kezka batzuk ez baldin badaude, bertsoaren formak ez dio zutik asko eusten bere buruari, nahiko erraz erortzen da.

Min horrentzat zer izan da larunbateko saioa?

Uste dut dela basamortu batean ibili eta derrepente ur putzu izugarri bat bilatzea bezala. Orain, badakigu ur putzu horren atzetik berriz ere basamortua datorrela, eta berriz ere ibilbide luzea dagoela eta haizeak jotzen duela bi aldeetatik. Berriz, menturaz, etorriko da beste egun bat edo txapelketa buelta bat gozatzeko eta disfrutatzeko. Tartean-tartean egongo dira saioak edo bertsoa ez den kultur munduko sormena edo ikastolen festak bide horretan segitzeko. Kontziente gara hori bere indar guztian disfrutatu behar dugula, baina disfrutatze hori aurrera pausuan arinago eta indartsuago segitzeko indar bat izan behar dela, eta ez egunaren euforiaren horretan segitzeko eta orgasmo horretan gelditzeko bakarrik.

Ikuspegi kolektiboa aipatu duzue txapelketaren harira. Sentimendutik haragokoa da?

Uste dut, gehiegi teorizatu gabe sentitzen dugun gauza bat dela. Orduan, lan egiten baldin bada ere, pixka bat, inkontzienteki egingo da guztia. Pixka bat da guk bertso finaletan sentitzen dugun talde konplizitatea bezala. Ez da gauza bat aurrehausnartua duguna, han bertan sentitzen dugun horretan oinarritzen da gure solidaritate irudia lehia guztien gainetik. Hemen ere sentimendu kolektibo hori askotan irakurri, idatzi edo esan ez ditugun gauza pila bat dira derrepente sentitzen dituzunak komunean edo fibra bat sentitzen duzuna ondokoarekin, horretan gehiegi hitz egin eta horretan gehiegi lan egin gabe. Gero, kontziente zaren momentutik pentsa zenezake zer lanbide eman zeniezaiokeen horri lotzen joateko eta pixka bat zentzu kolektibo horri eguneroko forma bat emateko. Uste dut gauza asko egin direla aurrena teorizatu eta idatzi eta gero, zerbait sentitzera egiteko, eta uste dut asko politagoa dela berez, sentitzen duzunean aurrez eta sentimendutik ateratzen denean lanbide bat.

Xalbador eta haren garaikideak omendu ditu txapelketak eta behin eta berriz parekatu zaituzte Xalbadorrekin. Zer da eurengandik jaso duzuna?

Garai horren pertsonifikazioa Xalbador da batez ere, eta Xalbadorrengandik jaso dut batetik, bertso maila ikaragarria, baina uste dut Xalbador zela bertsolari handi bat, ez altueraz gora egiten zuelako, baizik eta sakonean sartzen zelako oso behera, eta behetik hasita gora lortzen zuela handitasun hori. Ondare eta altxor ikaragarri bat jaso dugu haiengandik eta bestetik, uste dut maila hortan emandako bertsolaritza artea bihurtzen dela.

Orain urtebete izango duzu gutxienez txapelketarik gabe. Ezer berezirako baliatu gurako zenuke?

Laguntzen du zure bertso ibilbidea proiektatu eta sosegu pixka batekin hartzen datorren denbora. Txapelketak beti gertuan sentitzen baduzu, horrelako bertigotxo bat ematen dizu, eta aldi berean, laguntzen du zure burua organizatzen lanarekiko. Esaten duzu bertsotan ibiliko naiz urtean zehar ahalik eta ongien eta ahalik eta ederren egiten egiten ahaleginduz, baina txapelketak uste dut gorputza buruz behera jarri eta inarrosten dizula, eta gero, hortik ateratzen duzula plazan zure burua berritzeko energia ere. Hori gabe, bada hiru urte tentsio inarroste gabe ibiltzea, baina uste dut arnas luzeagoak emateak lagunduko duela beharbada ildo sakontzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.